BotellónNormalean, bai nagusiek eta bai gazteenek ere alkohola bere eragin positiboenekin lotzen dute eta honen ondorioz, droga hau gure gizartean guztiz onartuta eta hedatuta dago; halandaze, jende askok ez du alkohola drogatzat hartzen.

Alkoholaren eta bere eragin positiboen arteko lotura hau oraindik nabarmenagoa da nerabeen artean. Gazteek orokorrean ez dute alkoholaren kontsumoa honek ekar ditzakeen arazoekin lotzen, baina bai aldiz honek dituen eragin positibo ezberdinekin, kontsumoaren lehenengo faseetan desinhibitu egiten gaituelako gure emozioak adieraztea erraztuz eta harreman sozialak sustatuz.

Hasierakomomentuetan alkoholak alaitasuna, euforia eta desinhibizioa eragiten digu eta lotsa, konplexuak, ikarak,… gainditzen laguntzen digu.

Guzti honengatik, gehienetan alkohola dibertimenduarekin eta aisialdiarekin lotzen dugu. Berdinen taldean integratzea erraztuko dien elementu gisa ikusten dute alkohola gazteek.

Alkoholak ustez mesedegarriak diren eragin positiboak eskaintzen dizkieten bitartean, kontsumoa mantendu egiten da, batez ere aisialdi esparruetan, hala asteburu eta jaietan, esparru eta momentu hauetan harreman pertsonalak biziagotu egiten baitira, dibertitzeko denbora libre gehiago eta ardura gutxiago izaten dituztelako.

Eragin positiboak bakarrik kontuan hartzeak, negatiboak alde batera utziz, gehiago kontsumitzera eramaten ditu; baina hau ez da gazteen artean bakarrik ematen den fenomenoa, gure gizartean heldu gehienak ere modu berdinean erlazionatzen baitira substantzia honekin, eta ez dugu ahaztu behar, gazteek azkenean beraien nagusiengan ikusten dituzten baloreak eta portaerak ikasten eta errepikatzen dituztela.