Ondo pasatzea, jakin-mina, sentsazio berriak bilatzea eta “gainontzekoak bezalakoa izatea” dira arrazoi nagusietako batzuk gazteek drogak hartzeko.

Hauexek dira Drogamendekotasunaren aurkarako Laguntza Elkargoak (FAD) burutu duen “La percepción social de los problemas de drogas en España, 2014” ikerketaren ondorio nagusietako batzuk.

Maquetación 1Gizarteak drogekiko dituen jarrerak -orokorrean eta substantzia espezifikoei dagokienez- aztertzen ditu ikerketa honek eta azkenengo bi hamarkadeetan drogen kontsumoari buruzko pertzepzio soziala nola aldatu den erakusten du, emaitzak, aldez aurretik 1.999an eta 2.004ean FAD-ek egindako ikerketa bien emaitzekin alderatuz.

Ikerketa burutzeko, etxez-etxeko inkesta bat egin da estatu mailan, eta 15 eta 65 urte bitarteko biztanleei galdetu zaie; horrez gain, eztabaida-talde bi ere egin dira.

Ikerketa honen arabera, 15 eta 30 urte bitarteko gazteek, helduek baino gehiago lotzen dute drogen kontsumoa ondo pasatzearekin, sentsazio berriak sentitzeko nahiarekin eta nortasun baten parte izatearekin, hau da, “besteak bezalakoa” izateko nahiarekin.

30 urtetik beherako gazteen ia %60ak, drogak hartzeak ondo pasatzearekin zerikusia duela uste du. Kontsumoak besteekiko harremanekin, ondo pasatzeko asmoarekin, integrazioarekin eta gazte izatearekin zerikusia dutelako ideia hedatuago dago gazteen artean, ikerketa honen ondorioen arabera. Aldiz, helduen artean, aspektu hauek ere aipatzen dituzten arren, baina gazteek baino portzentaje baxuagoekin, drogak kontsumitzeko arrazoi bezala arazoak izatea edo hauei aurre egitea ere aipatzen dute, arazo hauek lanekoak, familiakoak edo lagunartekoak izan.

Drogak hartzeko arrazoi nagusiak ondo pasatzea (%51), jakin-mina (%40) eta sentsazio berriak izateko nahia (%30 inguru) dira galdetuen arabera. Hauen atzetik, debekatuta dagoen zerbait egitearen plazerra (%19), moda jarraitzea (%16), arazoak, lanekoak zein sozialak (%14) eta besteak bezalakoa izatea (%13,5ak) dira.

Gizonek gehiago aipatzen dituzte ondo pasatzea, sentsazio berriak eta horrelakoak; emakumeak, aldiz, drogak hartzea gehiago lotzen dute familian, lanean edo lagunartean arazoak izatearekin.
Kontsumoak ondo pasatzearekin erlazionatzea ohikoagoa da ere 30 urtetik beherako pertsonen artean.
Lanbide Hastapeneko edo Lehen Hezkuntzako ikasketak bakarrik dituztenek, maila handiagoan uste dute arazo pertsonalak jasateko garrantzitsuak direla drogak, baina baita ere gizartean arrakasta lortzeko, lagun asko izateko edo modernoa edo zoriontsua izateko.

Drogak hartzeak izan ditzakean ondorio negatiboen balorazioari dagokionez, gazteentzat, baita gainontzeko biztanleentzat ere, adikzioa da ondorio negatibo posible nagusia; izan ere, aukera hau helduek baino gehiago nabarmentzen dute.

Drogek dituzten abantailei buruz galdetzen zaienean, kasu guzti-guztietan, helduekin konparatuz, gazteen artean emaitzak altuagoak dira kasu guztietan. Abantaila nagusiak dibertsioa eta plazerra dira, batez ere 15 eta 22 urte bitarteko gazteentzat (%36) eta 23 eta 30 urte bitartekoentzat (%33), emaitzok helduenak gainditzen dituztelarik (%22).

Drogek eragin ditzaketen arazoen pertzeptzioa txikiagoa da gazteen artean, kontsumo hauek esperimentalak, asteburuetakoak, egunerokoak edo sarriak izan. Hala ere, eguneroko kontsumoak dira arazo gehien eragin ditzaketenak galdetutakoen ustez; izan ere, egunero drogak hartzeak, arazoak eragingo ditu ezinbestean 23 eta 30 urte bitarteko gazteen %74arentzat, 15 eta 23 urte bitarteko gazteen %78arentzat eta helduen %85arentzat.

Emaitza orokorrei dagokienez, lagin osoaren %60ak baino gehiagok “drogak oso arriskutsuak direla eta ez direla probatu ere egin behar” uste du, eta %58ak “drogak hartzeak ez duela inongo alde onik”. Orokorrean gizartea drogen eta hauen kontsumoaren aurka dagoela egiaztatzen dute emaitza hauek.
Hala eta guztiz ere, zehazki kannabisari buruz galdetzen denean, galdetutakoen iritzia erabat ezberdina da. FAD-ek egindako ikerketetan lehen aldiz, kannabisa helduei saltzen uztearen alde dauden pertsonak gehiengoa dira, %52,1a, hain zuzen ere.

Orokorrean, esan dezakegu, 2014ko gizartea 2004koa baino irmoago agertzen dela drogen aurka.