navidadcenaGabon ospakizunak gehien maite dugun pertsonekin bizitzeko eta disfrutatzeko unea dira. Senide eta lagunekin elkartzen gara eta sarritan, hauek ez ditugu luzaroan ikusi, agian pasa den urteko gabonetatik. Familia askotan, urteko sasoi honetan baino ez dira kide guztiak batzen.

Jai hauek, printzipioz, konpainia onean erlaxatzeko izan beharko lirateke, maite dugunekin denbora pasatzeko tartea, lanaz eta ikasketez ahaztu gaitezkeen egunak, baina batzuetan, estres une bilakatzen dira, presaka gabiltzan egunak, azken orduko erosketak eta prestaketak, senideekin eztabaidak, mota guztietako gehiegikeriak,… falta ez diren egunak.

Sarritan badirudi ahaztu egiten zaigula Gabonen benetako zentzua zein den, eta jai hauek materialismora zuzendutako aste pare bat baino ez direla. Gure gizartea egun oso materialista da orokorrean, baina egun hauetan materialismo hori areagotu egiten da: opari larregi, janariarekin eta edariekin gehiegikeriak, leku guztietatik jasotzen dugun publizitate kopuru izugarria, jendetzak non-nahi, jende-ilarak, auto-ilarak,… .

Maite ditugunekin batu ahal izatea, opari bat bezala bizi beharko genuke eta ez egoera nekagarri, deseroso edo lehenbailehen bukatzea nahi dugun buruko-mina bezala.

Hau gerta ez dadin, ospakizunak sinplifikatu eta lehentasunak argi eduki behar ditugu, benetan garrantziskoa zer den ahaztu gabe. Ez da derrigorrezkoa diru asko gastatzea opariak edo janaria erosteko; eta ez da beharrezkoa erosketak egitera, janaria prestatzera edo bestelako prestakuntzetara orduak eta orduak ematea.
Gure irudimena eta kreatibitatea erabili ditzakegu opariak egiteko edo menua prestatzeko orduan.
Erraz aurki ditzakegu merkeak, errazak eta denbora gutxian egin daitezkeen errezeta tradizionalak edo modernoagoak; edo gonbidatuen laguntza ere eska dezakegu edo janaria etxeko guztion artean prestatu. Azken aukera honek, etxekoekin tarte dibertigarri bat pasatzeko aukera ere eskainiko digu gainera.

Baina gehienetan, opariak izaten dira gehien kezkatzen gaituen arazoa, batzuetan ez dugulako jakiten zer oparitu, edo azken unerako uzten ditugulako eta gero presakin eta estutasunakin ibiltzen garelako jendez betetako dendetan, eta normalean, diru larregi gastatzen dugu, batez ere, etxeko gaztetxoenen opariak erosterakoan.
Hauei, gehienetan, opari larregi egiten zaizkie eta gastatzen dugun diru kopurua ere neurrigabekoa izaten da, baina garrantzitsua inoiz ez litzateke kopurua izan beharko -ez opari kopurua, ezta gastatutako diru kopurua ere-, opari pertsonalak egitea baizik, benetan gustoko duten zerbait oparitzea; seguruenik, geuk beraientzat bereziki egindako zerbait askoz gehiago estimatuko dute: argazki-albuma edo markoan jarritako argazkien bilduma bat, eskuz egindako lepoko bat, gustokoen dituzten gozokiak modu dibertigarrian eta originalean bilduta,… .

Ez dugu inoiz ahaztu behar, eskaini dezakegun oparirik onena eta baliotsuena gure denbora eta arreta dela, beraiekin kalitatezko denbora pasatzea, ondo pasatzen dutela eta beti gogoratzeko bezain jai zoriontsuak igaroko dituztela ziurtatzea.

Laburbilduz, hurrengo egunok arrakastatsuak izan daitezan, hobe familia-istiluak alde batera uztea, eta umore onez eta sinpatiarekin, ahalik eta giro atseginena sortzen saiatu behar gara, jarriko dugun musika, solaserako gaiak, dekorazioa, menua, gazteenentzako -eta ez hain gazteentzako- jokoak,… aukeratzeko orduan, arreta eta kontu berezia jarriz; baina beti ere, zeregin hauei, nahitaezkoa den denbora eta esfortzua bakarrik eskainiz, estresaren ondorioz, nekatuta eta haserre ez egoteko.

Amaitzeko, eta aurretiaz argi utzi nahi dugu ez dela gure asmoa inongo enpresa, denda edo produkturen publizitaterik egitea -are gehiago, gorago esan duguna esanda gero-, zuokin guztiokin bideo bat partekatu nahi izan dugu. Publizitate-mezua alde batera utzita, bideo honen edukia pedagogikoki oso ona dela uste dugu, eta gure seme-alabek benetan behar dutena zer den islatzeko ezin egokiagoa dela iruditu zaigu.

Hausnarketarako.