Azkenengo urteotan, Etorkintza Elkargoan zorizko jokoetan eta apustuetan parte hartzen duten nerabe eta gazteen kopurua modu esanguratsuan handitu dela hauteman dugu eta, horietako batzuk arazoak izaten hasiak dira dagoeneko.
Apustuak on line egin ahal izateak, eskuragarritasun eta erabilgarritasun handiagoa suposatzen du eta ondorioz, jokalarien kopurua igo egin da, batez ere gazteen artean.

jokover5

Berehalako sari ekonomikoak eta gainontzeko estimuluek nerabezaroan hain ohikoak diren sentsazio eta emozio bilaketarekin zerikusia duten beharrizanak asetzen dituzte.

Egoera honen aurrean, Etorkintza Elkargoak Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzarekin batera, ikuspegi hezigarria duen Jokover izeneko bideo-jokoa eta gida didaktiko bat garatu dituzte, 13 eta 22 urte bitarteko nerabe eta gazteak zorizko jokoekin eta apustuekin lotuta egon daitezkeen arriskuez sentsibilizatzeko.


Zorizko jokoen eta apustuen erabilera dramatizatu eta kriminalizatu gabe, informazio objektiboa eta ez moralizatzailea eskaini, jokoen eta apustuen alde positiboen (sariak) eta negatiboen (lotutako arrisku portaerak) arteko pertzeptzioa doitu eta uste faltsuak apurtuko dituen tresna prebentiboa izan nahi dute bideojokoak eta gida didaktikoak.

Gure ustez, gazteen artean, prebentzioaren ardatza ez da izan behar soilik zorizko joko eta apustuen inguruko gai espezifikoak lantzea (uste faltsuak, jokatzearen eta pustu egitearen arrisku zehatzak,…); nerabeari esparru ezberdinetan eta bizitzan zehar arrisku gutxiago duten eta egokiagoak diren erabakiak hartzen lagunduko dioten gaitasun kognitibo eta emozionalak ere garatu behar dira.

Hori dela eta, bideo-jokoaren edukiek familiarekin, lagunekin eta emozioak modu egokian kudeatzearekin lotuta dauden gaiak lantzen dituzte, horretarako nerabe eta gazteentzat hurbilak eta ohikoak diren egoerak erabiliz (pizzería baten lan egin, lokala garbitu, kontzertu batera joan, familiarekin bazkaldu,…).

jokover3

Berebizikoa iruditzen zaigu jokoen eta apustuen alde onekin lotuta dauden usteak desmitifikatzea eta jarrera kritikoa, burutsua eta arduratsua sortzea, baina informazio objektiboa eta egiazkoa eskainita: jokatzea eta apustu egitea erabakitzen badute, plazerak kudeatzen jakin ditzatela, baina baita egon daitezkeen arriskuak ere.

Azken finean, erabakiak hartzerakoan ondorioez jabetzea, emozioen kudeaketa, autokontrola eta inpultsibitatea landu behar direla uste dugu, edozein egoera kudeatzeko gaitasunak direlako hauek.