desarrollo-aplicaciones-moviles-amvos-digital.jpg-768x446Telefono mugikorretaz hitz egiten dugunean, gurasoen kezka nagusia lehenengo mugikorra izateko adin egokiena zein den izaten da. Dudarik gabe, gehien entzuten dugun galdera izaten da, baina ez da kezka bakarra: mugikorra nola erabiltzen duten, nolako aplikazioak erabiltzen dituzten, pantailatxoaren aurrean itsatsita bezala ematen dituzten orduak eta, nola ez ba, hileko fakturaren zenbatekoa dira gurasoak kezkatzen dituzten beste kontuetako batzuk.

Dena den, eta azkenean familia guztiek gizartearen eta seme-alaben presioari amore ematen dioten arren -batzuetan goizegi-, argi dago tresna honek sortzen dituen galdera eta kezka gehienak alde negatiboenekin zerikusia dutela; baina gauza guztiekin edo gehienekin gertatzen den moduan, denak izan ditzake bere alde onak eta txarrak eta ematen zaion erabileraren arabera egongo da hori.

Mugikorrekin gauza bera gertatzen da: bere egiteko nagusia komunikazioa da, baina modelo berrienek entretenimendua gehitzen dute egitekoen artean, mugikorra erakargarriagoa izateko, eta gero eta aplikazio gehiago sortzen dira helburu horrekin.

Baina aplikazio guzti hauen artean, gero eta gehiago dira baita ere, entretenimenduaz haratago doazenak eta zerbitzu bat eskaini nahi dutenak, egiteko sozial, funtzional eta serioagoa dutenak. Honen adibide dira merkatuan gaur egun aurkitu ditzakegun aplikazioetako batzuk, hauetariko asko helduei zein gazteei zuzendutakoak, norbere azala miatzeko balio duen aplikazioa bezala, esaterako.
Fotoskin doako aplikazio bat da eta azaleko minbiziaren prebentzioan eta diagnostiko goiztiarrean lagundu dezake. Baina ez da bakarra.

PrevColon mota honetako beste aplikazio bat da, hau ere doakoa eta koloneko minbiziaren prebentziora, diagnostikora, jarraipenera eta tratamendura zuzenduta dago.

Baina badaude merkatuan bereziki gaztetxoenei zuzendutako aplikazioak ere.
Superprotector da telefono mugikorretarako sortu duten aplikazio teknologiko entretenigarri eta burutsu berri baten izena. Aplikazio hau ere doakoa da eta Minbiziaren Aurkako Elkarteak asmatu du, sartu berri garan uda honetan, gero eta ugariagoa den azalako minbizia prebenitzeko.
Etxeko gaztetxoenak kontzientzatu nahi ditu, bereziki 10 eta 13 urte bitartekoak, eguzkia behar den bezala ez hartzeak beraien azalerako dituen arrisku larriez.

Bestalde, espainiar Osasun Ministerioak, pasa den urte bukaeran Plan Nacional sobre Drogas aplikazioa aurkeztu zuen. Aplikazio honen helburua gazteen artean drogen kontsumoa prebenitzea da eta drogekin lotutako arriskuei buruz eta substantzia gabeko beste adikzio batzuei buruzko informazioa eskaintzen du.