Eskola-jazarpena nerabeek pairatu dezaketen egoerarik gogorrenetako bat da. Mutil batek, neska batek edo talde batek eskolako kide bat behin eta berriz txarto tratatzea da eskola-jazarpena eta tratu txar horiek fisikoak, psikologikoak edo hitzezkoak izan daitezke.

Oso gertakari larria da eta biktima batzuen kasuan ondorio oso serioak izan ditzake. Hau dela eta, oso garrantzitsua da hau arin detektatzea, kasu askotan oso zaila izaten den arren.
Jazarpen mota hau bizi duten neska-mutilak ikaratuta bizi dira, eskolara joateko beldur dira eta kasu batzuetan depresioa izan dezakete eta beraien burua hiltzea ere pentsatu dezakete. Egoera oso arriskutsuak dira eta ondorioz, gurasoak eta irakasleak oso adi egon behar dira hauek hautemateko.

Adin guztietako umeen artean gerta daitekeen arren, ohikoagoa izaten da nerabezaroan. 12 eta 16 urte bitarteko nerabeen heren batek hurbiletik bizi izan du jazarpen egoeraren bat, biktima edo erasotzaile bezala; baina eskola-jazarpen larria sufritzen duten neska-mutilen ehunekoa askoz txikiagoa da, %3a gutxi gora behera, eta ohikoagoa izaten da nesken artean multilen artean baino.

Jazarpen motak

  • Hitzezko erasoak: irainak, norbaiti buruz txarto hitz egitea, asmo txarreko zurrumurruak zabaltzea,… .
  • Eraso psikologikoak: nahi ez duen zerbait egiteko beldurraraztea biktima (bere dirua edo gauza pertsonalak ematea, edo beste edozer gauza…).
  • Eraso fisikoak: jipoiak, kolpeak, lapurketak edo gauza pertsonalak apurtzea.
  • Isolamendu soziala: biktima isolatzea, klaseko kideen ekintzetan parte hartzea galaraziz, edo kasu batzuetan, berarekin hitz egitea utziz eta inolako harremanik ezarri gabe.
  • Eraso sexualak: biktima umiliatuta edo deseroso sentiarazteko egiten diren eraso guztiak. Eskolan ematen den eraso sexual ohikoena, mugikorren edo sare sozialen bitartez egiten da.
  • Eraso arrazistak: irain arrazistak biktima gutxiengo bateko kide denean.



Characteristics-of-Bullying-Victims-in-School-642x336Seme-alabak eskola-jazarpen egoeraren batean inplikatuta daudela jakin bezain laster, gurasoek esku hartu behar dute. Lehenik eta behin, eskolan abisatu behar da, zuzendaritzarekin eta irakasleekin hitz egin, eta eraso larriren bat gertatu izanez gero, polizian salatu behar da.


Zure semea edo alaba biktima denean zer egin
Eskola-jazarpena pairatzen duten neska-mutikoen gurasoek eskolarekin batera plan bat ezarri behar dute egoera horretatik irten ahal izateko eta irakasleekin eta aholkulariekin etengabeko harremana eduki behar dute prozesuaren garapena hurbiletik jarraitzeko.
Biktimari babes eta laguntza guztia eskaini behar zaio: bera ez dela egoera horren errudun azaldu eta ulertarazi, tratu txarrak jasan dituela argi utzi eta bere autoestimua berreskuratzeko modua bilatu. Kasu batzuetan terapia beharrezkoa izango da.

Zure semea edo alaba erasotzailea denean zer egin
Seme-alabak erasotzaileak direnean ere eskolarekin harreman estua mantendu behar da egoeraren garapenaz jakitun egoteko. Era berean, semeari edo alabari uertarazi behar zaio erasoak eta jazarpena onartezinak direla, oso gauza larria dela eta delitua izan daitekeela. Portaera hau geldiarazteko, beharrezkoak diren neurri guztiak hartu beharko dira.

Zure semea edo alaba ikuslea denean zer egin
Oso ohikoa izaten da eskola-jazarpen kasuetan, biktima bat, erasotzaile bat edo batzuk eta ikusle talde bat egotea. Lagun taldearekiko atxikimendua nerabezaroaren ezaugarri nagusietako bat da eta batzuetan, neska-mutilek lider bati jarraitzen diote itsu-itsuan, honek zer egiten duen axola gabe.
Eskola-jazarpen kasuren baten ikusle bihurtu diren neska-mutilen gurasoek ere esku hartu behar dute egoera honen aurrean. Jazarpen kasuren bat ezagutzen badute, eskolan jakinarazi behar dute lehenbailehen eta seme-alaberi zer egingo duten eta kasu hauen berri ematea zein garrantzitsua den azaldu behar diete. Mota honetako egoeren aurrean ez isiltzea da, hain zuzen ere, ausarta eta heldua izatea, eta seme-alabei hori ondo ulertarazi behar zaie.