Francesco Tonucci irakaslea, pedagogoa eta haurtzaroaren zale handia da, eta aditua, beraz.
Erromako Ikerketen Nazio-Kontseiluko Psikologiako Institutuko ikertzailea da eta bere bizitza profesionala haurren portaera ikertzera eman du, batez ere, familian, eskolan eta hiriaren esparruan.
Marrazkilaria ere bada eta hainbat liburu eta artikulu ere idatzi ditu haurrek gizartean duten zereginari buruz. Haurren Hiria proiektuaren sortzailea da, erreferentzia-puntutzat haurrak dituen hiri bat sortzean datzan proiektua.
Haurrek nabaritzen duten kontraesan bat badago: nagusiek asko maite dituzte baina gutxi entzuten diete
Bere ustez, sen ona da gure esku dagoen heziketa-baliabiderik onena, baina gaur egun familiek presio handia jasaten dute eta horrek heziketa-lana arriskuan jartzen duten portaerak eragiten ditu.
Familiek egin dezaketen akatsik handiena seme-alabak inguruko gauza guztietatik babestu ditzaketela ustea da eta hauek zoriontsuak izango direla opari asko badituzte, arropa ona janzten badute eta eskolaz-kanpoko ekintza askotara badoaz. Baina, sarritan jolasteko aukera kentzen diegu, lagunekin irtetzeko aukera, mundua beren kabuz deskubritzekoa eta bizitzan aurkituko dituzten oztopoei aurre egiten ikasteko aukera kentzen diegu.
Familiek egun, lehen baino beldur gehiago dituzte eta gehienetan beldur hauek ez dute inolako oinarririk; politikak eta batez ere komunikabideek dute honen errua.
Lar babestu nahi izateak arazo handiak sortzen ditu ez zaizkielako eskaintzen munduari aurre egiteko baliabideak.
Tonucciren ustez oso garrantzitsua da haurrek arrisku txikiak bizitzea, honela egin ezean, nerabezaroan egingo dutelako txikitan ez egindakoa, eta adin honetan portaera horiek arriskutsuagoak izaten dira.
Beste akats moderno bat gurasoek seme-alabekin beti bat egitea da, adibidez eskolan eta irakasleen aurrean, seme-alabei beti aurpegia ateraz eta irakasleen kontra eginez. Hezkuntza-lanari oztopo handia egiten diote horrela, eta jadanik zailtasunak dituen instituzio hau ahuldu baino ez dute egiten.
Bestalde, gaur egungo gurasoak lehengoak baino prestatuago daudela eta haurren beharrizanez kontzienteagoak dirala ere onartzen du. Oraingo gurasoak, eta batez ere aitak, denbora gehiago eskaintzen diote familiari, baina honek ez du suposatu behar haurrei behar duten askatasuna eta autonomia kendu behar zaienik.
Haurtzaroaren aditu honentzat, seme-alaba zoriontsuak hezteko gakoa hauek eskubideak dituzten pertsona bezala errespetatzea da. Seme-alabak ez dira gurasoen luzapena. Guk nahi duguna egin dezaten edo izan daitezan itxarotea ez da bidezkoa. Zoriontsuak izateko beraien gaitasunak eta abileziak garatzeko gai izan behar dira.
Arotz on bat ingeniari kaskar bat baino zoriontsuagoa eta ekonomikoki lehiakorragoa izango da
Familiaren eta eskolaren zeregina ikasle bakoitzari bere bidea, bere bokazioa bilatzen laguntzea da; eta beharrezkoa den energia guztia eskaini behar zaie hori lortu dezaten.
Eskola onaren bermea irakasle onak dira
Gaur egungo hezkuntza sistemarekin oso kritikoa da, etxeko-lan gutxiago eta jolaserako denbora gehiago defendatzen ditu.
Haur batek ez badu jolasten, ez da hazten, ez da garatzen, ez du ikasten. Gure bizitzaren oinarriak jolasaren bitartez eraikitzen ditugu.
Eskolaren eta familiaren oinarrizko interesa haurrek jolastea izan beharko litzateke. Sarritan haurrek nagusiek baino agenda beteagoak izaten dituzte.
Etxeko-lanak errakuntza pedagogikoak direla uste du. Ez dituzte eskolak nahi dituen emaitzak lortzen. Haurren Eskubideen Konbentzioak eskolara joateko eta jolas egiteko eskubideetaz hitz egiten du. Eskolan egun erdia ematen badute, beste erdia ez litzateke eskolarena izan beharko, haurrena baizik.