violencia-noviazgo-mujeres-pareja-2Adituen esanetan, gazteen artean matxismoa, desagertu beharrean, goraka doa. Desagertuta ziruditen portaera oso matxistak berriro ikusten ari garela egiaztatzen dute; atzerapausu bat egon dela diote.

Urtearen hasieran, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziak genero indarkeriari buruz orain arte egin den ikerketarik garrantzitsuena aurkeztu zuen.

Ikerlan honetan agertzen diren datuak kezkagarriak dira: 18 eta 74 urte bitarteko europar emakumeen herenak, indarkeri fisikoa edo sexuala jasan izan du noizbait; emakumeen %43ak tratu txar psikologikoa jasan du bikotekidearengandik,… .

Baina are kezkagarriagoa da gero eta biktima gehiago daudela gaztetxoenen artean. Genero-indarkeri kasuen %30ak, 30 urte baino gutxiago du, eta adingabeko bikoteen artean ere, indarkeri kasuak ikusten hasi gara.

Gazteak genero-indarkeria identifikatzeko gai dira, eta gehienetan, ez dute hau onartzen, baina hala ere, sarritan ez dituzte indarkeriaren jarrera guztiak antzematen. Baina, eta guk? Zer da guretzat genero-indarkeria?

Genero-indarkeria emakume izategatik jasaten den indarkeria da. Ezaugarri nagusia jauntxokeria da, indarkeri fisikoa edo norbere buruari egotzitako nagusitasuna erabilita.
Gehienetan, genero-indarkeriaz hitz egiten dugunean, burura datorkigun lehenengo gauza tratu txar fisikoak dira, baina hau ez da indarkeriak duen aurpegi bakarra. Fisikoaz gain, mota askotako indarkeriak daude:

Eguneroko indarkeria (Mikromatxismoak): egunero ematen diren indarkeri eta menperatze portaera txiki eta ia ikusezinak, ia gizon guztiek egiten dituztenak eta emakumeen autonomia pertsonala murrizten dituztenak. Ia hautemanezinak dira, eta hori dela eta,, oso zaila da bai gizonentzat eta baita emakumeentzat ere, hauek somatzea. Gizartean ia guztiz normalizatuta daude baina behin eta berriz emakumeen botere pertsonala, autonomia eta oreka psikikoa murrizten dute.

Indarkeri psikologikoa: seinale fisikorik uzten ez duenez, zailagoa da detektatzea, baina ondorioak oso gogorrak dira. Irainak, mehatxuak, manipulazioa, jelorkortasuna, obedientzia eta menpekotasuna bilatzea,… . Arreta berezia jarri behar dugu mota honetako jarreren aurrean, hauen bitartez, gero eta kontrol handiagoa lortzen baita bestearengan.

Indarkeri ekonomikoa: baliabide ekonomikoak murriztea edo ukatzea; erabiltzen den diru guztiari buruz azalpenak eman beharra, oinarrizko beharrizanak asetzeko dirua ukatzea, arazo ekonomikoei buruzko erabakietan ezin parterik hartzea,… .

Indarkeri soziala: funtsean pertsona bat lagunengandik eta familiagandik isolatzean datza, bikotearekiko erabateko menpekotasun emozionala eraginez.

Indarkeri sexuala: indarraren edo beldurraren bitartez gauzatutako kutsu sexuala duen edozein aktu: sexu-jazarpena, sexu-arazoak, bortxaketa,… .

Oso garrantzitsua da indarkeri modu hauetako edozein detektatzen jakitea, eta gazteei adi egoten erakutsi behar zaie, berdintasunik gabeko harremanak edo indarkeri harremanak gazte-gaztetarik hauteman ahal izateko.