Alkoholak burmuineko zelulak hiltzen dituela sarritan entzun dugun gauza izan arren, egitan, nerbio-sistemaren depresore bat izanik, zelula hauen funtzionamendua oztopatu baino ez du egiten: alkoholak neurotransmisore inhibitzaileen funtzionamendua areagotzen du eta honek, zelulen arteko komunikazioa eragozten du; baina ez ditu hiltzen. Eta hau kontsumo handia dagoenean gertatzen da. Neurrizko kontsumoak nolabaiteko eragin positiboak ere izan ditzakeela ikusten hasi gara (burmuineko odol-fluxuarekin zerikusia duten hobekuntza kardiobaskularrak, adibidez).

tragos-cerebro

Argi dagoena zera da: denbora laburrean asko edateak kalte kognitiboak eragiten ditu, eta gazteenen kasuan, hau are kezkagarriagoa da.

Oraintsu, Valdecilla Ospitaleko Hondatze Kognitiboko Unitateko ikertzaileek, litroak egiteak, funtzio kognitibo batzuetan zein eragin duen aztertu dute Gimbernat-Cantabria unibertsitateko ikasleekin egin duten ikerketa batean.

Ikerketa honen arabera, asteburuetan lar edaten duten gazteek -litroak egiten dituztenek, adibidez- errendimendu baxuagoa zuten arreta, azkartasun mentala eta txandakako lanak egiteko doitasuna neurtzen duten froga neuropsikologikoetan.
Pascual Sanchez-Juan neurologoak zuzendu duen ikerketa honetan, asteburuetan larregi edaten duten eta, aldiz, neurriz edaten duten 102 ikasleren bizi-ohiturak aztertu ziren. Azterketa honen arabera, ikasleen %49ak larregi edaten zuten eta ikasle denek onartu zuten noizbait alkohola edan dutela, kontsumitzen hasteko bataz-besteko adina 15 urte izanik.

Ikerlan honetan aztertutako parametroak memoria logikoa, ikuste-memoria eta ahozko memoria, arreta eta kontzentrazioa, erantzun automatikoa inhibitzeko gaitasuna, gaitasun ikus-espazialak, malgutasun mentala eta abiadura ikus-motora izan dira.

Larregi edaten zuten ikasleek, besteek baino gehiago ematen zutela froga burutzen eta gainera errendimendu txarragoa zutela ikusi zuten ikertzaileek.
Alkohola edaten gazteago hasi ziren ikasleek froga burutzeko denbora gehiago behar zutela ere ikusi zuten.

Lortutako emaitzen arabera, gazteen kasuan alkohol larregi edateak, batez ere, gizakian beranduago garatzen diren garun-areatan duela eragina dirudi, bereziki, kortex prefrontal dortsolateralean, hau baita azkenengo garatzen denetako bat.

Honez gain, alkohol larregi edatea, noizean behin bada ere, ohikotasunez baina neurriz edatea baino kaltegarriagoa dela ematen dute aditzera emaitzok; baita ere, asteburuetan larregi edateak metatze-eragina duela. Hau bereziki kezkagarria da kontuan badaugu ikerketako partehartzaileen batazbesteko adina 19 urte dela eta batazbeste 4,2 urte baino ez daramatzatela modu honetan edaten.

Laburbiltzeko, denbora tarte laburretan alkohol larregi edateak gazteen funtzio kognitiboetan duen eragina aztertzearen garrantzia azpimarratzen du ikerketa honek, bereziki, kontuan izanda gazteen artean alkohola kontsumitzeko modu hau oso gailenduta eta errotuta dagoela.