Azken urteotan, aisialdi mugimendu berri bat zabaldu da Euskadin, gazte-taldeen artean: merkataritza lokalak gaitzea eta gizarte eta aisialdi helburuetarako erabiltzea. Gazteen Euskal Behatokiak bere “Gazteen lonjak eta lokalak” txostenean dakarrenez, gutxi gorabehera 62.000 gaztek, gazteentzako lokala edo lonja dute Euskadin. Errealitate hori sortu da gazte-taldeen artean gizarteratzeko eta elkartzeko gune alternatiboak behar direlako.

Fenomeno hau, agian, “litroak” egitearen aurkako debekuen ondorioz sortu da, edo espazio publikoetako aisialdiaren alternatiba merkeago bezala. Dena den, txoko hauek elkartzeko eta erlazionatzeko beharrizana asetzen dute, zerbaiten partaide sentitzeko gurasoen bitartekaritzarik gabe, autonomia apur bat bilatzeko.
Errealitate hau positiboa eta baketsua gertatu da kasurik gehienetan.

Helduek beldurrez begiratzen dioten arren fenomeno honi, atearen beste aldean gertatzen dena kontrolatzeko ezintasunagatik batez ere, Deustuko Unibertsitateko Droga-menpekotasunen Institutuak egindako ikerketa baten arabera, gazteentzat oso ona da halako lekuak errentan hartzea, heldutasuna lortzeko prozesuan laguntzen dielako; izan ere, txokoan beraien erantzukizunak dituzte, erabakietan parte hartu behar dute eta, aldi berean, beraien harreman sozialak indartzen dituzte.
Txokoetan elkartzen diren gazteek betebehar batzuk betetzeko konpromisoa hartzen dute, helduen antzera: hileko alokairua ordaintzea, txokoa garbi eta txukun edukitzea edo auzokoak errespetatzea.
Ardura horiek onartzean, neska-mutilek euren etapa gazteena atzean uzten dute, eta gero eta zeregin helduagoak dituzte. Hartara, etorkizunean erabili ahal izango dituzten trebetasun sozialak bereganatuko dituzte esperientzia horren bitartez.

Nolanahi ere, jakin badakigu gazteek jendearen begiradatik urrun alkohola edteko eta beste droga batzuk hartzeko ere erabiltzen dituztela txokoak, asteburuetan batez ere, eta horixe bera da, hain zuzen ere, gurasoen kezka nagusia.

Gainera, oso gutxitan bada ere, lokal horiek arazoak dakartzate auzokoekin, gauez erabiltzen direlako, erabiltzaileek eragindako zaratagatik, garbitasunagatik edo erabilera komuneko guneak hartzeagatik, baina, kezka sortzen duen beste kontu bat txoko batzuen segurtasunaren eta osasungarritasunaren arloko egoera egokirik eza da.

Arazo hauei erantzuteko, Arartekoak oraintsu gazteen lokalei buruzko gogoetarako dokumentu bat aurkeztu du; antzemandako arazoei aurre hartzeko gomendio batzuk proposatzen ditu eta udaletxeei dei egin diete gazteen lokalen udal ikuskaritzako planak egiteko, lokal guztiak zerrendatuz eta segurtasun eta ingurumen baldintza minimoekin lotutako arauak ezarriz.