Gaur egun, familia askok seme-alabei apeta eta erraztasun guztiak ematen dizkiete, bizi erosoak ongizatea eta zoriontasuna ziurtatuko dietela pentsatuta. Baina, guztiz egia ote da idea hori? Zeintzuk dira benetako arrazoiak horrela jokatzeko? Agian, ez da izango erosoagoa seme-alabei nahi duten guztia ematea etxean eztabaidak eta gatazkak saihesteko, nolabait beraien maitasuna “irabazteko” edota frustrazioak eragin diezazkieken ustezko traumak eragotziko dizkiegula uste dugulako?

Egitan, helburu bat lortzeko ahalegindu egin behar garela irakastea, seme-alabak hezteko eta zoritxarrari aurre eman ahal izateko baliabideez hornitzeko modurik hoberena da.
Esfortzu eta ahalegin handiaz lortutakoak asko gogobetetzen gaitu. Haurrei txikitarik asko saiatzen erakusten badiegu, nagusitan heldu zoriontsuagoak izango dira, seguru egongo dira eta ez dute beldurrik izango egoera zailei aurre egin behar dietenean.

Aditu ezberdinen arabera, badaude jarraibide batzuk zoritxarraren aurrean seme-alabak hobeto hezteko. Hauexek dira horietako batzuk:
ejemplo-papa

  • «Zerbait nahi duena saiatu egin behar da”. Seme-alabak hezterakoan ez dugu sufrituko duten beldurrik izan behar, esperientzia hori trauma psikologiko bihurtzea eragozten baitu maitasunak.
  • Adibidea da zerbait irakasteko modurik onena. Seme-alabentzat eredu izatea, beraiengan nahi ditugun baloreak eta portaerak guk geuk izanez; ekintzen bitartez irakatsi, ez hitzen bitartez soilik.
  • Aske izaten irakatsi behar zaie. Nortasun heldua izateko, ezinbestekoa da aske izaten ikastea; askatasun horren ondorioz egon daitezkeen sari edo zigorrak jasateko erantzukizuna ere ikasi behar da.
  • Sufritzearen beldur ez izaten irakatsi behar diegu, hau da, “nekeetan, irria ezpainetan”. Edozein motatako beldurrak, eta kasu honetan sufritzeari beldur izateak, gure helburuak lortzea oztopatzen du.
  • Borondatea eta irmotasuna: “gogoko bidean, aldaparik ez”.
  • Gurasoak edo heziketaz arduratzen diren pertsonak, ados jarri behar dira arauak eta mugak jartzeko orduan. Ezinbestekoa da elkarri balioa edo indarra ez kentzea. Komunikazioa beharrezkoa izango da, gai garrantzitsuetan adostasunera heltzeko eta kontraesanak ekiditzeko.
  • Lortu nahi diren helburuak lortzen ez direla dirudienean, ez dugu amorerik eman behar; denborarekin lortuko dira helburu horiek.
  • Ez gara, sekula, eredu ona eskaintzeaz nekatu behar.