Edari energetikoei buruz asko eztabaidatu izan da, batez ere, jendartean hain ezagunak egin direnetik eta beraien kontsumoa hedatuz joan denetik. Kafeina kopuru handiak eta beste estimulatzaile batzuk, edari hauek biztanlerian sakon sartzea eragin dute, batez ere, nerabe eta gazteen artean.
Ikerketa berri batek erakutsi duenez, edari energetikoek presio arteriala igo dezakete, baita osasuntsu dauden gazteei ere, arazo kardiobaskularrak izateko arriskua areagotuz. Edari hauen eta arazo kardiobaskularren arteko lotura honek, gazteek mota honetako edari larregi edateari buruzko kezka oraindik gehiago areagotu du; lehendik ere bazegoen kezka, edari hauek neurrigabe edatea portaeraren aldaketekin eta gaitasun kognitiboen asaldurekin ere lotu izan delako.
Ikerketa Mayo Klinikako ikertzaileek aurkeztu zuten, San Diegon (EEBB) urtero ospatzen den Kardiologiari buruzko 64. Saio Zientifikoan, eta normalean kafeinarik hartzen ez duten gazte osasuntsuengan edari energetikoek nolako eragina duten aztertu zen.
Ikerketan parte hartu zutenen presio arteriala modu nabarmenean igo zen edari energetikoa edan ostean. Eragina are nabarmenagoa eta deigarriagoa izan zen kafeina askorik hartzen ez zutenen artean.
Edari energetikoak osasun kardiobaskularrarekin lotzeko orduan, burura datorkigun lehenengo osagaia kafeina da, ezagunak baitira substantzia honen eragin estimulatzaileak. Izaten duten kafeina kopuru handiagatik soilik, edari energetikoak bihotzarentzat kaltegarriak izan daitezkeela pentsatzen zen lehendik. Hala ere, ez dago argi kafeina, taurina edo beste osagaietako batzuk diren presio arteriala igotzen dutenak: aurreko ikerketa batean, partaide osasuntsuek presio arterial altuagoa zuten edari energetikoak edan ostean, kafeina kopuru berbera zuen kafe katilukada bat edan ondoren baino.
Kontuan izan behar da, edari energetikoak edatea memoria txarrarekin eta ikaste-gabeziarekin lotu izan dela, baita antsietatearekin, haluzinazioekin, bihotz-abiaduraren asaldurekin, gizentasunarekin, drogen neurrigabeko kontsumoarekin edota arrisku portaerekin ere.
Edari hauek alkoholarekin nahastea praktika arriskutsua izan daiteke. Ohitura edo moda hau asko zabaldu da, batez ere gazteen artean, baina konbinazio hau ez da oso gomendagarria: alhola depresorea da eta edari hauek guztiz kontrakoa, estimulatzaileak dira. Biak nahastean, sekulako tentsioa eragiten diogu gorputzari, kontrako eragin hauek orekatzen saiatzen baita. Tentsio horrek bihotzekoa eta ospitalean bukatzea eragin dezake.
Bukatzeko, osasunarentzat gehiegikeria guztiak direla kaltegarriak gogoratu behar dugu. Neurrian hartu behar da dena, baita edari hauek ere. Osasungarriagoa da kafea edo tea hartzea, epe luzera dituzten eraginak ezagunak eta jasangarriak direlako (pasatzen ez bagara, noski), baina edari energetikoek epe luzera dituzten eraginak aldiz, gaur egun oraindik ezezagunak dira.