Etorkintza Elkargoan eragile prebentibo garrantzitsuena eta eraginkorrena komunitatea dela uste dugu eta hori dela eta, kalitatezko lan bat burutu ahal izateko, komunitatea kontuan izatea ezinbestekoa dela uste dugu.

Gure prebentzio esku hatzeetan beti ahalegintzen gara komunitatea inplikatzen, esku hartze hauek erkidegoari zuzenduta ez ezik, berarekin pentsatuta ere egon daitezan, gure ustez, prebentzio komunitarioan lanean aritzeak ez baitu zentzu larregirik komunitatearen partaidetzarik gabe.

Gure filosofia hau kontuan izanda, eta egun hauetan bizi ditugun Bilboko jaien testuinguruan, lan komunitario serioa eta interesgarria egiteko aukera paregabea genuela ikusi genuen eta arrazoi horregatik, Bilboko Konpartsekin elkarlanean aritzeko sortu zitzaigun aukera aprobetxatu genuen.

Hausnarketa bateratua egin ondoren bakoitzak gure esperientzia eskaini genuen: Bilboko Konpartsek ibilbide oso luzea dute jai giroan eta aisialdiaren esparruan eta gainera, jende askorengana heltzen dira, kopuru aldetik eta baita profilen aniztasun aldetik ere -gaztetxoenetatik hasita nagusienerarte-; guk, gure aldetik, urte askotako esperientzia dugu kontsumoen eta prebentzio komunitarioaren esparruan.

Hau honela, aurton, elkarrekin aritu izan gara lanean txosnetan eskuragarri egongo den materiala garatzeko. Material hau, jai hauetan parte hartuko duten guztiak sentsibilizatzera eta trebatzera zuzenduta dago batez ere.
Alde batetik, konpartsakideentzat eskuragarri egongo den material bat argitaratu dugu, mozkortze kasuetan jarraitu beharreko lehen sorospenei buruzkoa; bestalde, txosnetara hurbiltzen direnek alkoholari buruzko liburuzkak hartu ahal izango dituzte. Hauen helburua, bakoitza bere kontsumoetaz arduratzea da eta hauetatik eratorri daitezkeen arriskuak eta plazerak kudeatzen ikastea.

Aurton, Bilboko Konpartsekin lan egiten dugun lehen urtea den arren, dudarik gabe ez da azkena izango, eta hurrengo urteetan ere lan-ildo honetan arituko gara elkarlanean beraiekin.