Cesar Bona estatuko irakaslerik onenetzat jotzen da bere hezkuntza proiektuak ezagutarazi zituenetik eta irakasleen Nobel Saria bezala ezagutzen den Global Teacher Prize-aren arabera, munduko 50 irakasle onenetariko bat bezala aukeratu zutenetik.

Irakasle gogotsua, erronkazalea, haurrak biziki maite dituena eta, egin beharko zenari buruz etengabe teorizatu beharrean, egiteari ekin diona dugu Cesar Bona.

Bere metodoa ikasle denak inplikatzean datza eta, errespetua, enpatia eta esfortzua sustatuz, ikasleek (eta baita berak ere) irudimena aske uztea bultzatzen du. Testu liburuak ia ez ditu erabiltzen.



Lanerako ezezik, irakasleek bizitzarako hezi behar dutela uste du, eta ez dietela haurrei beraien kideak baino hobeak izaten erakutsi behar, lehen zirena baino hobeak izaten baino.

La nueva educación. Los retos y desafíos de un maestro de hoy liburuan azaltzen duen moduan, eskola-absentismoari aurre egin zion gela batetako ikasleei kajoi flamenkoa jotzen erakusteko eskatuta eta, gela bateko kohesioa sendotu zuen zinema mutuko filme bat eginez, non protagonistak beraien artean hitz egiten ez zuten ikasle bi ziren.

Askok teorian bakarrik planteatzen dutena, Cesar Bonak burutzea lortu du bere proiektuetan: haur analfabetoek irakurketarekiko interesa izatea, bere ikasleek nazioarteko oihartzuna izan duen animaliak babesteko elkarte birtual bat eratzea (Children for Animals) edo Indiako zinema festibal batetan saritu zuten laburmetrai bat filmatzea.