Aurreko sarreran esaten genuen bezela, larunbat honetan, azaroak 28, Bilbon Fair Saturday ospatuko da, artista eta elkarte ezberdinek beraien emanaldiekin GKE edo proiektu sozial bat lagunduko dutelarik.

Emanaldi hauetako lauren helburua Etorkintza Elkargoarentzat dirua biltzea izango da, zehazki, Nerabeentzako eta hauen Familientzako Arreta Zerbitzuan nerabeen artean dependentzia emozionala lantzeko gauzatzen den proiektuarentzat.

Dependentzia emozionala nerabeen artean

Nerabezaroa aukeraz betetako garaia da, baina baita ahultasunaz eta zaurgarritasunaz ere. Nerabezaroa berez konplexutasun handiko prozesua da, zaila eta korapilatsua, eta sarritan gaitzespenaz betetako haurtzaroa ere gaineratu behar zaio; kasu hauetan portaera problematikoak eta hauekin lotutako arriskuak izugarri igotzen direla. Arrieskuez hitz egiten badugu, indarkerian, elikadura arazoetan edo drogen kontsumoan pentsatzen dugu normalean, baina ez gara Dependentzia Emozionalaren eragin kaltegarriez ahaztu behar. Maitasuna dependentzia emozionalarekin nahasten duten geero eta nerabe eta gazte gehiago ikusten ditugu, batzutan indarkeriazko bikote harremanak ezarriz.

dep

Dependentzia emozionala dagoela esan dezakegu “zu zeu izateari uzten diozunean”, zure garrantzia bestearen arabera dagoenean eta ezin dugunean maitasuna eta sufrimendua ezberdindu. Dependentzia hau bizitzako edozein unetan eman daiteke, baina nerabezaroan bereziki zaindu behar da harremanak ezartzeko modua, hazteko besteen begirada behar dutelako, inguratzen dituztenen itzultzea, familiaz haratago.

Nerabeek, batez ere neskak, bikote-harreman oso posesiboak ezartzen edo onartzen dituztenean, posesio hau maitasunren adierazgarri bezala ulertzen dutelako, indarkeria egoerak ematen dira bikotean, gehienetan indarkeria psikologiko egoerak. Harremanak itxiak eta esklusiboak izatea eskatzen da, bikotea bizitzako gauza garrantzitsu bakarra bilakatuz.

Bestearen eskariak itsu-itsuan betetzen dira, maitasunaren ordaina baita, eta gutxika-gutxika eskari hauek betebehar eta debeku bilakatzen dira. “Nirekin bakarrik” etengabeko eskaria bihurtzen da eta ondorioz, harreman hori apurtzen bada, nerabea bakarrik geratzen da. Bakardadearen beldur izateak, bestea gabe inor ez izatearen beldurrak, dependentzia hori mantentzen du. Harremana itogarria bihurtzen da, pertsona moduan ezereztatzen zaituena, baina era berean, harreman hori aldatzeko ezintasuna ere agertzen da.

depen

Harremana dependentziazkoa bada, ezereztatu egiten zaitu. Ez dago norbere buruarentzat bizitzarik ezta pozik. Sufrimendua nagusitzen da, baina garrantzia kentzen zaio eta maitasunaren seinaletzat hartzen da.

Etorkintza Elkargoko Nerabeentzako eta beraien Familientzako Arreta Zerbitzuan, harreman terapeutiko eta hezitzailearen bitartez lantzen ditugu nerabe hauek maitasunari eta bikote-harremanei buruz dituzten sinismenetako batzuk. Gai honi buruzko itxuraldatzeak azaleratzen dira, itxuraldatze hauek, berdintasunezkoak ez diren harremanak ezartzera eta abusu egoerak onartzera eraman ditzakete eta, ez baitituzte indarkeria zantzu batzuk antzematen.
Era berean, beraien burua zaintzen ikasi dezaten nahi dugu, beraien nortasuna landuz, beraien balioeste eta autoestima landuz, nerabe hauek sarritan beraien buruaz ahazten baitira, bikotekideagatik eta bikotekidearentzat den-dena izanik.

Gizarte moduan, ahal den guztia egin behar dugu genero desberdintasuna iraunarazten duten diskriminazioak saihesteko. Haurrak eta nerabeak gure etorkizuna dira, hain matxista ez den gizarte baten garapenereako funtsezko atala.

Hori dela eta, larunbat honetan Fair Saturday ekimenean biltzen diren dohainak Nerabeentzako eta hauen Familientzako Zerbitzuaren proiektu hau laguntzeko izango dira.

Pili Urrak, Etorkintza Elkargoko Nerabeentzako eta hauen Familientzako Arreta Zerbitzuko psikologoak idatzitako artikulua.