Irakurtzea, poztasun handiak ematen dituen zaletasun atsegina izateaz gain, pertsonen garapen kognitibo, psikologiko eta emozionalerako hainbat onura dituen ekintza da, batez ere haurrentzako.

Inoiz ez da berandu seme-alabei irakurtzeko ohitura erakusteko, baina gauza guztietan gertatzen den moduan, ohiturak errazago barneratzen dira gaztetxoak garanean; beraz, ahalik eta arinen hasi gaitezen seme-alabei irakurtzeko grina transmititzen, bere eragin pozitiboei etekinik handiena atera diezaieten.

baby-921808

Ondoren, irakurtzeak haurrengan dituen eragin positibo ugarietako batzuk zerrendatuko ditugu:

  • Kontzentrazioa hobetzen du: irakurtzeak haurrei kontzentratzen erakusten die; apurka-apurka kontzentrazioa hobetzen joango dira eta eguneroko beraien beste ekintzetan apliaktu ahal izango dute.
  • Memoria laguntzen du: memoria emozioari lotuta dago, beraz, asko gustatzen zaien istorio bat irakurtzen dutenean, ez dute ahaztuko; gainera, liburu luzeagoak irakurtzenhasten direnean, kapitulu bakoitza hurrengoarekin lotuko dute, istorioa modu naturalean gogoratuz eta memoria landuz.
  • Entretenigarria da: berebizikoa da haurrek ondo pasatzea irakurketarekin eta horretarako garrantzitsua da beraiekin irakurtzea edota ipuinak kontatzea.
  • Hizkuntza aberasten du: irakurriz hitz berriak ikasiko dituzte. Zenbat eta hiztegi aberatsagoa eduki, hobeto hitz egingo dute, hobeto adieraziko dizkigute beraien emozioak eta sentimenduak eta hobeto deskribatu ahal izango dizkigute egunean zehar gertatutakoak.
  • Ortografia eta idazmena hobetzen ditu: konturatu barik, hizkera arruntean egitura konplexuak eta ondo idatzitako hitzak barneratuko dituzte. Sare sozialetan akats ortografikoz beteta dauden mezuak irakurtzen hasi baino lehen, hobeto da ortografia zuzena barneratuta izatea, beraiek ere akatsik bete ez ditzaten.
  • Kreatibitatea garatzen du: liburua irakurtzen amaitu arren, beraien irudimenean gustoko dituzten pertsonaiei bizia ematen jarraituko dute. Mundura irekita dauden leihoak dira liburuak; hauen bitartez urrutiko herrialdeetara bidaiatu ahal izango dute, baita existitzen ez diren lurraldeetara ere, eta kanpoan zain duten mundua ezagutu ahal izango dute, beraien esperientziak beste batzuenekin alderatuz.
  • Adimena trebatzen du: irakurtzeko esfortzua egin behar da, horregatik haur batzuk ez dute irakurri nahi; hala ere, ohitura hartuta eta konstantziarekin, gero eta errazagoa egingo zaie eta garuna erabili eta trebatuko dute konturatu ere egin barik, baina soilik irakurtzen dutena gustoko badute eta erronka txiki bat suposatzen badie.

  • person-941311

  • Enpatia areagotzen du: besteen azalean jartzeko ahalmena laguntzen du; liburuko pertsonaien bitartez abenturak bizitzeaz gain, beste batzuen sentimenduak ulertzen ere ikasiko du, bere enpatia hobetuz.
  • Informazioa eta ezagutzak ematen ditu: fantasiazko istorietan zein kontakizun errealistagoetan, haurraren garunak esfortzurik gabe bereganatuko du informazioa, irakurritakoa ez delako memoriz ikasi behar, disfrutatu baino.
  • Estresa murrizten du eta aldartea hobetzen du: lasaitasunean, atsedenean eta geldirik irakurtzen dugu. Adi egon behar gara, beraz, ezinbestekoa da kezkak alde batera uztea arreta osoz irakurri ahal izateko.
  • Jakingura eta kuriositatea sustatzen ditu: liburuek hainbat galdera eragingo dizkiete haurrei, batzuk sinpleak eta errazak eta beste batzuk sakonagoak eta garrantzi handiagokoak.
  • Gogoeta pizten du: irakaspen edo ondorio bat duten istoriak, edota baloreen heziketarekin lotuta daudenak, modu nabarian pizten dute gogoeta, baina orokorrean, irakutzeak modu naturalean sustatzen du hau, galderak eraginez edo errealitateari buruz pentsa araziz.