Bartzelonako Hospital Clinic-en egindako ikerketa baten arabera, kannabisa kontsumitzen hasteko adinak eragina izan dezake substantzia honek garunean eragin ditzakean aldaketa estrukturaletan, hauek handiagoak izan daitezkeelako 16 urte baino gazteago hasten denean kontsumoa, eta nagusitan portaera arazoak ere ekarri ditzake.
“Kasu hauetan garuna oraindik guztiz heldu gabe dago eta ez du garapen osoa lortu” azpimarratu du Santiago Nogué-k, ospitale honetako Toxikologia Klinikoaren arduradunak.
Ikerketa hau Rocío Martín Santos doktoreak zuzentzen du eta helburua kannabisak gazteen garunean dituen ondorioak aztertzea da.
Lan honen emaitzak oraindik atarikoak dira, pazienteak errekrutatzea oraindik bukatu gabe baitago, baina aztertutako hogei subjektuetan, erresonantzia magnetiko bidez lortutako irudiei esker ikusi ahal izan dute, 16 urtetik behera kontsumitzen hasi, eta 21 urterekin kontsumitzen jarraitzen dutenek, aldaketa gehiago dituztela garuneko egituran. Aldaketa hauek “kannabis kontsumitzaile askoren artean ematen diren eskola eta lan errendimendu baxuagoa eta arreta eta memoria falta azaldu ditzakete”.
Nogué-ren esanetan, garuneko aldaketa hauek handiagoak izaten dira zenbat eta gazteago hasi eta gehiago kontsumitu; kontsumoa murrizteak aldaketa estruktural hauek hobetzen ditu, baina kasu batzuetan ez direla guztiz normalizatzen ere azpimarratu du.
Nogué-ren ustez emaitza hauek bereziki garrantzitsuak dira kannabisa gehien kontsumitzen den legez kanpoko droga delako eta bere kontsumoa hasteko batazbesteko adina 13 urte ingurukoa delako.
Gainera, arriskurik gabeko droga bezala ikusten da. Izan ere, FAD elkarteak oraintsu egindako galdeketa batean agertzen zen, estatuko biztanleriaren erdia baino gehiago, adinez nagusien artean, kannabisaren salmenta eta kontsumoa legeztatzearen alde zeudela.
“Garrantzitsua da gazteak arrisku egoeran daudela kontuan izatea eta familiak eta gizarteak eskuragarri dagoen informazio guztia izatea, eta kontsumo goiztiarra ez dela batere ona argi izatea” defendatu du Nogué-k.