Gazteen Euskal Behatokia, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuaren agindu baten bidez sortu zen 1999ko abenduaren 10ean, EAEko Gazte Planeko ikerketak, informazio-lanak eta dokumentazio-lanak burutzeko.

Behatoki honek, gazteria zertan den eta zein bide daraman momentu oro eta orokorrean jakiteko balio du. Administrazioek gazteria dela-eta egiten dituzten ekintzek zein eragin duten balioesteko aukera emango digun tresna da beraz.

Bere helburuen artean, honako hauek daude:

  • Agiri-funts bat osatzea. Gazteen arazoen berri emateko balio behar du,.
  • Gazteri horren joera berriak, aldaketak, eta horiekin batera datozen beste faktore batzuk aztertzea.
  • Ikerketa eta azterlanak egitea, aditu-bilerak antolatzea eta, beharrezkoa bada, lan-taldeak osatzea.
  • Prozesu horien berri zabaltzeko ahaleginak egitea, eta, hala egokitzen bada, gazteei buruzko aldizkariak egitea.
  • Gazte-kontuak direla-eta, erabakiak hartzen dituzten agintarien, ikerlarien, profesionalen eta beste eragile batzuen artean informazioa batak besteari emateko bideak erraztea.
  • Beste erakunde eta organismo batzuei gazteei buruzko aholkuak ematea.


debate-4-dinamizador-2

Oraintsu, Gazteen Euskal Behatokiak 2012. urtean gauzatu zuen azken galdeketaren emaitzak biltzen dituen txostena argitaratu du.

Txosten hau burutu ahal izateko, 15 eta 29 urte bitarteko 1.500 gazteri, esparru ezberdinei buruzko galderak egin zitzaizkien, hala jarrera politikoei buruzkoak, balio sozialei buruzkoak, krisi ekonomikoa eta lan-munduari buruzkoak edota hezkuntzari buruzkoak beste batzuen artean.

Galdeketa honen emaitzetako batzuk azpimagarriak iruditu zaizkigu; adibidez, aukera sexualei eta homosexualitateari dagokienez, euskal gazteriaren bi herenek (%65ak) bizian zehar pertsona batek bere aukera sexuala aldatu dezakeela eta gizonekin zein emakumeekin izan ditzakeela harreman sexualak uste dute.
Aukera sexualaren aldaketa hau defendatzeko orduan, ezberdintasun handia dago nesken eta mutilen artean. Baieztapen hau mutilen %58ak onartzen du; aldiz, nesken %73ak adierazten du bere adostasuna aukera honekin. Elkarrizketatutako pertsonen adinari dagokionez -15 eta 29 urte bitartean-, ez dago ezberdinatasun esanguratsurik.

Bestalde, hamar euskal gaztetik bederatzik (%88ak), ez du onartzen homosexualitatea gaisotasun bat denik eta horrela tratatu beharko zenik. Gutxiengoa izan arren, %6ak baietz uste du, portzentaje hau pixka bat handiagoa izanik mutilen artean (%8a) nesken artean baino (%5a).

Esanguratsuak iruditu zaizkigu baita, auzokideekiko tolerantzia, tolerantzia ideologikoa eta inmigrazioarekiko jarrerei buruzko galderekin lotuta dauden datu batzuk. Adibidez, euskal gazteen %62ak ez luke eskuineko estremista edo neonazia den auzokide bat onartuko. Gazteen %43ak ez luke drogazalerik onartuko eta %41ari ez litzaioke gustatuko atalondo berean ijitorik bizitzea. Aldiz, %16a baino ez dira auzokide etorkinak onartuko ez lituzketeenak, eta %11a auzokide homosexualik nahi ez dutenak.
Eskuineko estremistak dira errefusatze gehien sortzen duten talde soziala 2000. urtetik hona, eta 2012an, errefusatze horrek gora ere egin zuen.

Galdeketa honen arabera, auzoan bizilagun atzerritarrik nahi ez duen pertsonen kopuruak gora egin du azken urteotan, ziur asko krisiaren ondorioz sortu diren inmigrazioaren aurkako mezuen ondorioz.

Era berean, Euskadiko gazteen %35arentzat desatsegina izango litzateke beraien auzoan prostitutak edo gigoloak egotea, portzentajea handiagoa izanik emakumeen artean.