Gauza on guztiak bezala, oporrak ere bukatu egiten dira. Atzean geratu dira jadanik egun luze eguzkitsuak, hondartza-egunak, menditik paseoak, ibilaldiak eta festak.
Irailean gaude eta askorentzat errutinara, erantzukizunetara eta eguneroko zereginetara bueltatzea suposatzen duen hilabetea da hau, hots, lanera eta eskolara bueltatzeko garaia. Udako oporrek suposatzen duten atseden eta dibertimendu tartearen ondoren, ordutegi edo erantzukizunik gabe egon ondoren, orain berriro, ordutegi zorrotzei eta eguneroko betebeharrei eman behar diegu aurre.
Oporrak amaitu ostean, egoera berri honetara egokitzeko ezintasunak, opor-osteko sindrome bezala ezagutzen den sintoma batzuk ditu.
Sindrome hau helduen artean ez ezik, umeen eta nerabeen artean ere eman daiteke eskolara bueltatzeko orduan.
Aldaketa garrantzitsuak egin beharreko sasoia da hau:
- Esfortzurik handiena, seguruenik, berriro loaren orduak erregulatzea izango da.
- Espazio berri batera egokitu beharra ere badago: kontrolpean dagoen familiaren esparrutik, beste ume eta beste heldu batzuekin partekatzen den eskola-esparrura pasatu beharko dira, kontrolpetik at geratzen zaizkien arauekin.
- Eskolako ekintzak eta harreman sozialak berreskuratu behar dira.
Ikasleetan ikusten diren sintoma nagusiak psikikoak (motibazio falta, gogogabezia, tristura, kontzentrazio falta, suminkortasuna) edo fisikoak (buruko mina, sabeleko mina, goragaleak,…) izan daitezke.
Ordutegi erregulatuetara itzultzeko zailtasuna era oso ezberdinetan adierazten dute ume txikienek eta DBHko nerabeek.
Txikitxoenen kexuak eta negarrak nabariagoak izan daitezke, baina honek ez du esan nahi nerabeentzat ere egokitze hau gogorra ez denik.
Eskolara lehenengo aldiz doazenentzat gurasoengandik banatzea da arazorik gogorrena; nerabeentzat aldiz, aurrekoa baino zailagoa eta gogorragoa izango den ikasturte berriari aurpegi eman beharra, baita irakasle berriak ezagutu beharra ere eta, kasu batzuetan, beste eskola batzuetara doazen udako lagunak egunero ikusi ezin izatea.
Medikuen esanetan, ez gara lar kezkatu behar, sindrome hau ez baita gaisotasun bat eta sintomak normalean aste bitan desagertzen baitira; baina denboran luzatuko balira, beste zerbait gertatzen egon daiteke, eta orduan bai izango litzateke gomendagarria medikuarengana hurbiltzea.
Badaude eskola zailtasun gutxiagorekin hasten lagunduko dizkieten jarraibide batzuk eta ikasturte hasiera baino aste bete edo aste eta erdi arinago hasi beharko ginateke hauekin:
- Eskolaren ordutegira ohitzea oso garrantzitsua da, beraz, afariaren ordua, bainuarena eta ohera joatekoa ere aurreratuko ditugu, udan normalean beranduago egiten baititugu gauza guzti hauek.
- Era berean, jaikitzeko ordua ere gutxika-gutxika ikasturtean zehar edukiko duten ordura hurbiltzen joan beharko da.
- Aurreko ikasturtea errepasatzeko ariketa batzuk egiten hasiko dira, horrela, etxeko lanak egiteko ohitura berreskuratuko dute.
- Azken momentuko presak ez dira onak izaten, beraz, eskolako materiala (liburuak, motxilak, kutxatilak,…) aurretiaz prestatu behar ditugu. Material hauen aukeraketan eta prestakuntzan parte hartzeak, eskoalarako gogotsuago egoten lagunduko die.
- Eskolara joateko orduan kexu badira, beraien jarrera ulertu behar dugu eta pazientziaz hartu, inori ez zaigulako gustatzen oporrak amaitzea. Animatu egin behar ditugu eta ikasturte berriaren alde positiboak erakutsi behar dizkiegu: lagun asko berriro ikustea, ikasteko gauza berriak, beraien ikasketetan beste pausu bat gehiago,… .
- Eskolara presarik gabe joateko ordu egoki batean jaiki araziko ditugu eta eguna energiarekin eta jarrera gogotsuarekin hartzen lagunduko dien gosari on bat jarriko diegu.
2 comments to “Instira bueltan….”
Artikulu oso interesagarri eta baliogarriak! Eskerrik asko
Eskerrik asko Iratxe! Aurrerantzean ere horrela izaten jarraitzea espero dugu.