Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Emakundek, “Aitatasun Positiboak edo Eraldatzaileak” gaiaren inguruko jardunaldiak antolatu dituzte martxoaren 17, 18 eta 19an, Bilbon, Donostian eta Gasteizen hurrenez hurren, aitek erantzunkidetasunarekin, zaintzarekin eta berdintasunarekin duten harremana lantzeko. Zehazki, aitatasun mota horiek dakartzaten abantailak eta gertatzen ari diren aldaketak azteru dira, baita gizonen artean aldaketa sustatzeko estrategia eta proposamenak ere, jarrera erantzunkideagoak eta onuragarriagoak lortze aldera.

Jardunaldiek “Euskadiko aitek umeen zaintzan duten inplikazioari eta horrek erantzunkidetasunean eta lanean duen eragina” ikerketa aurkezteko esparru paregabea suposatu dute; Leire Gartzia eta Ritxar Bacete izan dira Familia Politikako Zuzendaritzak eskatutako ikerketa hau aurrera eraman dutenak. Oraindik berdintasunarekiko erresistentzia dagoela adierazi zuten: berdintasunezko ideologia dago, baina praktikak kontrako norabidean doaz. Mezuetan eta kulturan ageriko aldaketa bat dago, baina eguneroko errutinetan indarra galtzen du. Bai gizonek bai emakumeek berdintasunaren diskurtsoa barneratu dute baina trinkotasuna falta da diskurtso hauen eta praktikaren artean.
Esaterako, pasa den urtean lan-bizitza eta familia bateratzeko egin ziren 17.570 eskarietatik, eszedentzia laguntzetako 104 eta lan-murriztapenen 1.200 soilik izan ziren aitek eskatutakoak.

Jardunaldi hauetan, aditu ezberdinek aitatasunari, maskulinitateari, generoaren eratzeari eta berdintasunari buruz hausnartu zuten eta berdintasunezko ideologiaren eta praktika errealaren artean ematen den jauzi hura nola murriztu aztertu zuten.

aitak

Familiaren Psikologian Katedraduna den Enrique Arranzen ustez, aitatasun-bajak hartzeko eredu mistoak dira seme-alaben zaintzan erantzunkidetasuna lortzeko giltza. Ezinbesteakoa da aita zaintzan inplikatzea, baina benetako hazkuntza partekatua lortzeko berebizikoa da lana eta familia-bizitza kontziliatzea eta ez da inongo sekretua, espainiar estatua Europako azkenetakoa dela kontziliazio-politika kontuetan: aitatasun positiboa lortzeko ez daude egoera berean lau hilabeteko baja har dezaketeenak, hemen, Euskadin gertatzen den moduan, edo urte bete daukatenak, Finlandian bezala adibidez.
Frogatuta dago neurologikoki eta hormonalki aitak seme-alabak beraiek bakarrik hazteko gai direla, baina seme-alabekin gune hori bilatzeko, gizonak bere lanean borroka egitea ez da oraindik pentsatu ere egiten, Arranz-en esanetan.

Emakumeak lan-munduan sartzea eta gizonak etxeko eta zaintza lanetan hastea ez dira elkarri lotuta joan. Zentzu honetan, bai aitak bai amak hazkuntza rolak bereganatzen dituzte eta rol tradizionalak lausotzen ari dira, baina orokorrean, seme-alabenganako arreta emozionala eta hauen zaintza oraindik ere emakumeen gain daude, gizonek, aldiz, haurrekin jolasten dihardute gehiago. Paco Abril Berdintasunerako Gizonen presidentea da eta bere esanetan, “aita hornitzailearen eta ama zaintzailearen ereduak gainbeheran daude, baina oraindik indarrean daude. Gehienetan, gizonek gutxi hartzen dute parte ugaltze-guneetan, zaintzan edo etxeko lanetan, balio gutxikotzat hartzen direlako eta prestigiorik ematen ez dietelako”. Adituak azpimarratu zuen moduan, benetako konpromisoa hartzen duen aita izateak, maskulinotasun era alternatiboak eta genero-harremanen demokratizazioa laguntzen du.

Gizona etxeko lanetan inplikatzeak ere aitatasun positibo hori sendotzen du. Garrantzitsua da seme-alabek, batez ere semeek, aita etxean harrikoa egiten ikustea. Belaunaldi berriak berdintasunaren kontzientzia handiagoarekin haztea lagundu dezake. Azken finean, familiak aztarna uzten dizu eta aztarna hori da zuk besteei helaraziko diezuna. Seme batek bere aita etxeko lanak egiten ikustea bezalako gauza hain sinple batek, haur horrek normaltasun osoz bereganatuko duen berdintasun inplizitu bat dakar berekin.

Octavio Salazar, Kordobako Unibertsitatean Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslea, idazlea, komunikabide ezberdinetan kolaboratzailea, aita eta feminista da. Bere ustez, emakumeen egoera gizonekiko gaur egun ez da desparekotasun edo berdintasun falta egoera, menderakuntza egoera baizik, eta ez da gizartean aldaketarik egongo gizonek uko egiten ez badiete duten boterearen parte bati eta pribilegioei. “Ezin dugu emakumeak esplotatzen jarraitu”.

Ildo berean, Maria Jesus Izquierdok, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Teoria Soziologikoko erretiratutako irakasle eta ekonomian doktoreak, patriarkatuari buruz hausnartu eta sistema emakumearen esplotazioan oinarrituta dagoela adierazi zuen, esplotazio hau, bestalde, emakumeok onartu egiten dugularik. Genero gaietan aditua den Izquierdok, elkarrekiko harremanak ezartzeko beharrizana azpimarratu zuen, ez harreman osagarriak, hau da, zuk ematen didazuna ematen dizut, ez falta zaizuna, ez zaitut osatzen, ez gara elkarren osagarri; hori dependentzia-harreman bat izango litzateke.

Azken finean, gizabanako bakoitzari zein instituzioei dagokien lan bikoitza egin behar da, generoan aditua den antropologoak, Ritxar Bacetek, nabarmendu duen bezala. Alde batetik, berdintasunezkoagoa den maskulinotasuna sendotzea iradokitzen du; bestetik, egitura-mailan, amatasun eta aitatasun bajak parekatzea nahitaezkoa iruditzen zaio, eta hauek besterenezinak izatea hazkuntza partekatuaren garrantzia aintzatesteko.