Uda sasoian festak ugariagoak izaten dira, gehiago irtetzen gara eta beranduagorarte, eta urteko beste sasoi batzuetan baino “pekatu” gehitxoago egiten dugu denok.

Gazte eta nerabeak ez dira salbuespena: klaseak amaituta eta aurretik oporraldi luzea dutelarik, beraien lehentasuna ondo pasatzea baino ez da. Hau dela eta, alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumoa areagotu egiten da sasoi honetan, eta halabeharrez, baita hauekin lotuta dauden arriskuak ere, batez ere, gaztetxoenen kasuan, hauek drogekin beraien lehenengo harremana uda honetan izan dezakete eta.

Honengatik guztiagatik, oso garrantzitsua da etxean gai hauetaz hitz egitea, bai substantzia ezberdinei buruz (eraginak, arriskuak,…), hauen erabilerei buruz, eta baita beraien adinerako egokiagoak diren aisialdi aukera ezberdinei buruz ere.
Hala ere, adituak bat datoz gauza batean: eskaintzen zaien informazioa egiazkoa izan behar da eta ez dizkiegu drogen eragin negatiboak eta arriskuak bakarrik azaldu behar, hauek dituzten eragin atseginez ere hitz egin behar zaie, jendeak drogak kontsumitzeko dituzten arrazoiei buruz ere, azken finean.

Eskaintzen diegun informazioa zenbat eta objektiboagoa eta egiazkoa izan, gehiagotan etorriko zaizkigu informazioa eskatzera eta gure irizpidean konfiantza handiagoa izango dute. Aurrerago batean, gazteen kontsumo eredu berriei buruzko artikuluan esaten genuen bezala, drogak kontsumitzeak dituen eragin atseginei eta negatiboei buruz eta arriskuei buruz beraien gurasoengandik ikasten duten nerabeek, aukera txikiagoa dute arriskuak hartzeko eta drogekin lotutako arazoak pairatzeko.