Arinago batean komentatu genuen gazteen kontsumoek ezaugarri propioak dituztela eta hauek, sarritan nagusien kontsumoen ezaugarriengandik ezberdintzen direla, baina, zeintzuk dira ezaugarri horiek?

Alkoholaren kasuan:

  • Alkohola edatea normalean ez da krisi pertsonalei lotuta egoten.
  • Gehienetan kontsumoa soziala izaten da, lagun artean ematen da.
  • Normalean asteburuetan bakarrik edaten dute (edo festetan) eta modu konpultsiboan edaten dute, sarritan kontrola galduz.
  • Gazte eta nerabeek oso gutxitan ulertzen dituzte gehiegizko kontsumoek dituzten arriskuak.
  • Arin mozkortzea bilatzen dute sarritan.
  • Gehien edaten dituzten edariak kalimotxoa, garagardoa eta graduazio altua duten konbinatuak edo txupitoak izaten dira.
  • Gehienetan kalean edo lokaletan edaten dute.
  • Beste droga batzuk kontsumitzera pasatu daitezke, batez ere haxixa edo marihuana (porroak).

Baina ezberdintasunak ez dira kontsumoen ezaugarrietan soilik ematen: alkoholak, eta droga guztiek orokorrean, eragin ezberdina dute organismo heldu batetan eta oraindik garatzen dagoen beste batetan; kontsumoek gazte eta nerabeen osasuna eta garapen normala eragozten dute.

Arrazoi honengatik, ezin dugu normaltzat jo adin gabekoek alkohola edatea edo beste droga batzuk hartzea, are gehiago oso gazteak direnei buruz hitz egiten ari garenean; baina egia da baita, egungo errealitateak zera dinoskula: adin batzuetan, kontsumo hauek seguruenik agertu egingo dira, eta ondorioz, alkoholak beraiengan duen eragin negatiboa murriztu nahi izanez gero, beraiekin gai honetaz hitz egin beharko dugu eta jarraibide batzuk eman beharko dizkiegu arriskuak ekidin ditzaten.

Eta orduan, zer esan behar diegu?

  • Urdaila hutsik dutela ez edateko.
  • Alkoholdun edari ezberdinak ez nahasteko.
  • Egarri badira hobeto dela beste mota bateko edariak hartzea (ura, zukuak, freskagarriak,…).
  • Alkohola beste droga batzuekin ez nahasteko.
  • Edanez gero, ez gidatzeko.
  • Aldean beti antisorgailuak izateko.
  • Graduazio baxua duten edariak aukeratzeko.
  • Lagunen batek larregi edan badu, inoiz bakarrik ez uzteko; lagundu dezaken pertsona heldu bat etorri arte, berarekin egoteko, eta oso txarto badago, arropa jartzeko (bero mantentzeko), alboz etzanda jartzeko eta larrialdietara deitzeko.