Jon Darpón, Osasuneko Sailburuordea

Jon Darpón, Osasuneko Sailburuordea

Eusko Jaurlaritzak adikzioak osasun publikoarekin loturiko gaitzat jotzen dituen Adikzioen Lege-proiektu berria onartu du.
Osasuna sustatzeko, adikzioak prebenitzeko eta eskaintza murrizteko neurrien bitartez, legeak errealitate berriei egokituriko konponbideak ematea du helburu, arreta berezia eskainita adingabeei eta giza talde ahulenei.
Hala, urtea amaitu baino lehen gai horrekin loturiko arau-proposamen zabalago bat osatzeko hartutako konpromisoa bete da, egungo gizartearen premiekin bat eginik.

Osasuneko sailburuordea den Jon Darponek azaldu duenez, duela gutxira arte drogak beren ondorioekin loturiko ikuspegietatik eta arloetatik jorratu dira: ordena publikoa, osasun arreta eta gizarte-zerbitzuak; lege berriak, ordea, osasun publikoko gaitzat jotzen ditu drogak, eta ondorioak ez ezik, kausak ere hartzen ditu kontuan, zeharkako eta dimentsio anitzeko ikuspegiarekin eta eragina duten arlo guztietatik (komunitatea, familia, hezkuntza, osasuna, gizartea, lana, justizia…).

Honako esparru hauek arautuko dira:

Osasuna sustatzea eta adikzioak prebenitzea
Lehen aldiz hartuko da aintzat espezifikoki osasuna sustatzeari dagokion arloa. Era berean, adikzioen prebentzioari helduko zaio, hainbat arlotan, bereziki familia-, hezkuntza- eta komunitate-arloan, lan-arlotik hasita.

Eskaintza murriztea
Alkohola

  • Lehen aldiz debekatuko da adingabeek alkohola kontsumitzea.
  • Kalean alkoholdun edariak saltzea edo ematea debekatuko da, udalaren baimenarekin egiten denean izan ezik.
  • Debekatu egingo da berehalako kontsumora zuzendurikoak ez diren merkataritzako salguneetan alkohola saltzea, 22:00ak eta 7:00ak bitartean.

Tabakoa

  • Publikoaren eskura dauden lekuetan, oro har, edo erabilera kolektiboko lekuetan erretzea debekatzeari buruzko erreferentzia erantsi da, leku horien titulartasuna publikoa ala pribatua izan, hala, debekua elkarte gastronomikoetara ere zabaltzen dela argituz.
  • Debekatu egingo da kirol-instalazioetan erretzea, itxitako, erdi-itxitako eta aire zabaleko eranskinetan barne.

Zigarro elektronikoak
Araudia betearazteari begira, zigarro elektronikoak erabat parekatuko dira tabakoarekin.

Portaerazko adikzioak
Aintzat hartzen diren lehen aldia da, eta hain zuzen, beren izaeragatik, kontzientziazio-eta sentsibilizazio-neurrietan zentratu da haiei heltzeko modua, hala, jokoaren eta teknologia digitalen eta haien aplikazio berrien -batez ere bideojokoak- erabilera arduratsua sustatzeko.

Osasun laguntza eta soziosanitarioa
Berria da araudiagatik beragatik, nabarmendu egiten baitu administrazioen arteko koordinazioaren eta erakunde pribatuekiko lankidetzaren beharra.

Gizarteratzea
Adikzioak dituzten pertsonen arretarekin eta gizarteratzearekin loturiko jardun-arloak eta -irizpideak azpimarratzen dira, betiere gizarte-zerbitzuen euskal sistemaren barruan.

Ezagutzaren garapena eta kudeaketa
Droga Mendekotasunen Euskal Behatokiarena izango da rol nagusia, gai horrekin loturiko programa publikoak ebaluatzea eta arlo horretan lan garrantzitsua egin duten pertsonei sariak eta ohorezko aipamenak emateko aukera.

Erakunde mailako antolaketa
Egungo konpetentzia-banaketari eutsiko zaio baina Eusko Jaurlaritzaren Sail Arteko Batzordea desagertuko da eta Adikzioei buruzko Erakunde Arteko Koordinazio Batzordea sortuko da eta Droga Mendekotasunen Aholku Kontseiluari Adikzioei buruzko Euskal Kontseilu izena jarriko zaio.

Arau-hausteak eta zehapenak

  • Administrazio arau-hausteak diren jokabideen sailkapen zehatza egingo da.
  • Zehapenen zenbatekoak arau-haustearen egiazko larritasunaren arabera egokituko dira (600 eurora arteko isunak arau-hauste arinengatik; 10.000 eurora artekoak larriengatik, eta 600.000 eurorainokoak oso larriengatik), legea behar bezala betearazteko asmoz.
  • Adingabeei jarritako isunen ordez, komunitatearen mesederako lanak edo jarduerak egin ahalko dira, edo arau-haustea egin duen pertsonak adikzioekin loturiko prestakuntza/informazio ikastaro bat egin ahalko du.