Ostegun honetan, azaroak 20, NBEaren Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenak 25 urte betetzen ditu. Dokumentu hau sinatzen duten herrialdeek, derrigorrez bete behar dituztebertan biltzen diren 54 artikuluak, hau da, eskubide hauek bermatzeko politika aktiboak garatu behar dituzte eta hauei buruz kontu eman behar dute gero.
Baina, zein da haurtzaroaren egoera gaur egun espainiar estatuan?
27. artikulua
Haur guztiek dute beren garapenerako bizi-maila egokia izateko eskubidea eta gurasoen betebehar nagusia da eskubide hori bete dadin bizi-baldintzak bermatzea. Estatuak eskubide hori betetzeko neurriak hartu behar ditu eta, behar denean, umeen arduradunei laguntza ekonomikoa emango die
Espainiar estatuko adingabekoen %32,6a txirotasun edo gizarte-bazterketa arriskuan bizi da.
Egoera ekonomikoa hobea zenean ere, ez zen haurtzaro kontuetan behar adina aurreratu, baina orain, krisiarekin, egoera oraindik txarragoa da, atzerapausu asko egon dira eta aurretiaz lortutako gauza asko galtzen ari dira.
Espainiar estatuko adingabekoen heren bat txirotasun-maila azpitik bizi dela adierazten du Unicef-ek egindako azken txostenak. Egoera ekonomikoa bere onera bueltatzen denean, datu hauek ere hobera egingo dutela pentsa genezake, baina garai oparoagoetan ere, haurren %20a txirotasun arriskuan zegoen eta gaur egun, portzentaje hori %33raino igo da.
Gauzak etxean behar bezala ez doazenean, haurrek aldaketak jasaten dituzte elikaduran, batzuetan ez dute eskolarako materiala erosteko dirurik izaten, edo agian, eskolatik kanpoko ekintzak laga behar izaten dituzte eta sarritan, arrazoi hauengatik, gainontzekoen burlak jasan behar izaten dituzte gainera. Guzti honek eskolako errendimenduan ere eragin negatiboa izan dezake.
24. artikulua
Umeak ahalik eta osasun-mailarik onena izateko eta medikuntza- eta errehabilitazio-zerbitzuak izateko eskubidea du.
Bi eta 17 urte bitarteko adingabekoen %27,8a lodi dago edo gehiegizko pisua dute
Espainiar estatua haurren heriotza-tasa baxuena duen laugarren herrialdea da, batez ere, bere arreta zerbitzuagaik eta pediatren formakuntza espezifikoagatik. Hala ere, adingabekoen %25a ez da pediatrarengana joaten, familiako medikuarengana baizik eta baserri-guneetan portzentaje hori %40rainokoa da. Honez gain, txerto batzuk desagertu egin dira, erauzita zeuden gaixotasun asko berriro agertzearen arriskua areagotuz.
Malnutrizio kasuak gehitu dira, bai janari gabeziagatik, baina baita osasuntsuegiak ez diren elikagaiak jateagatik ere.
Gizentasuna, esaterako, malnutrizio mota bat da. Elikagai freskoen eta kalitatezko proteinen ordez beste produktu merkeagoak baina osasunarentzat kaltegarriagoak eta ez hain orekatuak kontsumitzeak eta ariketa fisikoaren garrantziaz dagoen kontzientziazio eskasak, gizentasuna areagotzen du haurren artean.
Arazo psikologikoak ere gero eta ohikoagoak dira haurtzaroan, etxe askotan bizi diren zailtasun, estres eta sufrimendu egoerak direla eta.
33. artikulua
Estatuak beharrezkoak diren neurri guztiak hartuko ditu, legezkoak, administratiboak, sozialak eta hezkuntzazkoak,
estupefaziente eta substantzia psikotropikoen erabileratik haurrak babesteko eta substantzia horien ekoizpen eta trafikoan haurrak erabil daitezen galarazteko.
14 eta 18 urte bitarteko adingabekoen %74ak alkohola edan du azken hilabetean
Droga ilegalen kontsumoak adingabekoen artean behera egin izana oso datu positiboa den arren, 15 eta 16 urte bitarteko ikasleen %30ak baino gahiagok alkohola edaten dute astean hainbat alditan, eta ehuneko hau bikoiztu egiten da 17 eta 18 urte bitarteko iksleen artean. Gainera, neskek mutilek baino alkohol eta tabako gehiago kontsumitzen dute.
28.artikulua
Ume orok du hezkuntzarako eskubidea. Estatuak gutxienez derrigorrezko lehen irakaskuntza doakoa izatea bermatu behar du.
Adingabekoen %23ak, behin DBH eginda, eskola uzten du eta ez du ikasketa edo formakuntza gehiagorik egiten gero
Frantziak eta Belgikak baino ez dute gainditzen espainiar estatuaren hiru urteko haurren eskolatze-tasa, baina nahiz eta haur eta lehen hezkuntzan beste herrialde batzuk baino baliabide gehiago eta hobeak izan, derrigorrezko bigarren hezkuntzan porrot egiten du.
Hezkuntza ereduak txarrerantz egiten du adingabekoak eskola-bizitzan aurrera doazen heinean: hasierako urteetan, %93,4a adinez dagokien ikasturtean daude, baina 14-15 urterekin %62a baino ez dira dagokien ikasturtean mantentzen direnak.
Baina estatuko hezkuntza sistemaren arazorik larriena eskola behar baino lehenago uztea da: lau gaztetik batek ez du DBH bukatzen eta %25,8a dira ezta ikasi ezta lan ere egiten ez duten gazteak.
Esan beharra dago, Euskadin 2012an eskola behar baino lehenago utzi zutenak %11,5a izan zirela, urte horretan estatu mailan eskola utzi zutenak (%24,9a) baino askoz gutxiago.
Gertakari hone arrazoien artean, hezkuntza legeetan ematen diren etengabeko aldaketak, irakasgai larregi dituen sistemaren zorroztasuna eta eskola-urteetan zehar ikasleek irakasle ezberdin gehiegi izaten dituztela egon daitezke.
31. artikulua
Haurrak aisialdi, jolas eta ekintza kultural eta artistikoetan parte hartzeko eskubidea du.
0 eta 17 urte bitarteko seme-alabak dituzten familien %50,9ak, ezin dira urtean aste betez oporretan joan.
Jolasteak haurrei hazten laguntzen die, beraz, ez da luxu bat, beharrizan bat baizik, eta gainera, kasu batzuetan oso prebentiboa izan daiteke (eskolara huts egitea edo eskola-porrota, gabezia afektiboak edo emozionalak, delinkuentzia, marjinazioa,…).
Jolasen eta aisialdiko denbora eta ekintzen bitartez beste errealitate batzuk ezagutzen dituzte eta ohitura eta harremantzeko modu berriak ikasten dituzte.
17. artikulua
Haurraren ongizatearen aurka doazen informazio eta material guztietatik babesteko eta horien aurka neurriak hartzeko betebeharra estatuarena da.
Gaur egun, interneteri esker, adingabekoek nahi duten informazio guztia dute eskuragarri eta honek formakuntzarako eta aisialdirako aukera kontaezinak eskeintzen dizkie; baina paradoxikoki, etengabe konektatuta egon ahal izateak isolamendua edo jazarpena areagotu ditzake. Haur batzuk, eta batez ere nerabeak, lo egitera doazenean baino ez dira deskonektatzen.
Hamar urteko haurren %30ak telefono mugikorra du. Hamabi urterekin ia %70a dira, eta 15 urterekin %90a.
Teknologia berri guzti hauek beraien lagunekin etengabe harremanean egoteko aukera eskaintzen die, baina, aldiz, beraien aisialdian beste ekintza eta harreman mota ezberdinak egiteko aukera eta denbora kentzen dizkie, baita atsedenerako eta lotarako denbora ere sarritan; gainera sare sozialen ezberdinen bitartez jazarpen iraunkorra jasatea erraztu dezake.