Oraingoan ere, gazteen ikuspuntua eta eritziak banatu izan nahi ditugu zuokin guziokin, kasu honetan, substantzia ezberdinen kontsumoei buruz duten ikuspegia.
12 eta 22 urte bitarteko gazte talde handi batekin lasaitasunez hitz egiteko aukera izan dugu, eta beraien kontsumoetaz, txokoetan edo lokaletan gertatzen denaz, beraien aisialdaz,… galdetu diegu; hitz batean esanda, beraiek drogen gaia nola bizi duten jakin nahi genuen, zerk kezkatzen dituen, eta beraien ustez kontsumo problematikoak, arriskuzko portaerak eta adikzioak prebenitzeko zer egin daitekeen ere galdetu nahi izan diegu.

Jovenes_reunionDrogen kontsumoa gizarte osoan oso hedatuta eta normalduta dagoela esan digute, batez ere, substantzia batzuei dagokienez, eta gero eta gazteago hasten dela drogak hartzen onartzen dute, beraientzat ere hau gauza harrigarria izanik.
Baina, adinak gora egin ahala, kontsumoak erregularizatzen hasten direla gehitzen dute (“normalean ez zara mozkortzeko asmoarekin irtetzen kalera”), kasu batzuetan substantzia batzuen kontsumoa alde batera ere usten delarik.
Hala ere, orokorrean zerbait beti kontsumitzen dela onartzen dute.

Adinaren araberako ezberdintasunak egiten dituztela dirudi: 16-17 urteko gazteek beraiek baino gazteagoak direnek larregi eta mozkortu arte edaten dutela diote; edaten hasi berriak dira eta “oraindik ez dute kontrolatzen”. Nagusiagoak diren gazteek uste dute beraiek baino gazteagoek lartxo edaten dutela eta gero eta goizago hasten direla edaten.

Hala ere, nagusiok ere asko kontsumitzen dugula adierazi digute, eta gainera, beraien ustez, droga “gogorragoak” (kokaina,…). Drogen kontsumoa oso normalduta dago biztanleri osoan, bai gazte eta baita nagusien artean ere, batez ere alkohola, tabakoa edo kannabisa bezelako drogen kasuan. Dudarik gabe, alkoholaren kasua iruditzen zaie deigarriena, berien esanetan, heldu askok alkohol asko edo larregi edaten dutelako, eta gehienak mozkortu ez arren, egunero dezente alkohol edaten duten heldu asko daudela gaineratzen dute. Adin guztietako jendeak kontsumitzen dituela drogak adierazten dute, baina kontsumitzeko modu ezberdinak daudela.

Gure gizartean aisialdia eta ospakizunak alkoholarekin oso lotuta daudela gogorarazten digute, eta legez kanpoko drogek gizartean beldur asko sortzen duten arren, legeztuta daudenak heriotza askoz gehiago eragiten dituztela eta oso suntsitzaileak direla azpimarratzen dute. Gai honen inguruan hipokresia handia eta interes ekonomiko asko daudela uste dute eta gizartearen jokabideetan eta mezuetan koherentzia eza handia dela diote.

Gurekin hitz egin duten gazte guztiak bat datoz edozein motatako drogak lortzea oso erraza dela esaterakoan, baina hala eta guztiz ere, eta beste droga batzuen kontsumoa gero eta hedatuago dagoen arren, oraindik gehien kontsumitzen diren drogak alkohola, tabakoa eta kannabisa direla diote.

Generoari dagokionez, tabakoaren kasuan neskak omen dira gehiago erretzen dutenak, baina beste substantzia guztien kasuan, dirudienez, mutilak dira oraindik ere, kopuru handiagoak, substantzia ezberdin gehiago eta maiztasun handiagoarekin kontsumitzen dituztenak, alkoholaren eta kannabisaren kasuan, kontsumoak geroa eta parekatuago dauden arren. Beraien ustez, generoaren araberako ezberdintasunak nabariagoak dira “arriskutsuagoak” bezala hartzen diren substantzietaz hitz egiten dugunean, baina gero eta normalagoa dela neskak droga ilegal “gogorragoak” hartzen ikustea ere azaltzen dute.

Bukatzeko, gurasoak hain asko kezkatzen dituzten txoko edo lokaletaz hitz egin dugu beraiekin. Lokaletan drogak kontsumitzen direla onartzen dute, baina espazio hauetan drogak kontsumitzeaz gain, beste hainbat gauza ere egiten dirala aldarrikatzen dute. Aisialdi aukerak falta zaizkien kexu dira, batez ere negu gorrian, lokalean ez badaude, ez dutelako inora joaterik eguraldi txarra dela eta. Dena den, lokalik ez dutenek ere drogak kontsumitzen dituztela zehazten dute: “edan, porroak erre edo beste drogaren bat hartu nahi baduzu, edonon egingo duzu, zelai batera edo ezkutuago dagoen tokiren batera joan behar baduzu ere”.
Lokal hauek, astean zehar funtzio bat betetzen dutela eta asteburuetan beste bat azaltzen digute. Eskola egunetan, normalean, tabakoa eta kannabisa baino ez omen dute kontsumitzen; asteburuetan, aldiz, beste mota bateko kontsumoak egon daitezke (alkohola eta legez kanpoko beste droga batzuk).

Drogen kontsumoaren inguruan eta arriskusko kontsumoak prebenitzeko ze beharrizan ikusten duten eta beraien proposamenak edo gomendioak zeintzuk diren ere galdetu diegu, eta gauza oso interesgarriak, eta kasu batzuetan harritu egin gaituztenak ere, kontatu dizkigute. Ziur gaude zuotako asko ere harrituko zaretela haien erantzunekin, beraz, kontatu diguten guztia jakin nahi baduzue, egon zaitezte adi eta jarraitu ezazue gure bloga, hurrengo sarrera batean, gai honi buruz idazten jarraituko dugu eta.