Nerabeak dituzten familiak, sarritan, kezka handiarekin bizi izaten dute seme-alaben bizitzako une hau.
Une oro eta denagatik kezkatuta ez egoteko, lagungarria izaten da nerabeek bizi dituzten arriskurik ohikoenak zeintzuk diren aurretiaz jakitea. Nerabe gehienek ez dituztela inoiz arazo hauek biziko jakin behar dugu, baina aurretiaz arazoak non agertu daitezkeen identifikatzen badugu, prestatuta egongo gara arazoak agertuko balira hauei aurre egiteko.
Nerabezaroan ohikoenak diren arazoak ezagutzeak familiei lagundu diezaieke arazo hauek desaktibatzen.
- Arazoak eskolan. Eskolan errendimendu edo portaera arazorik inoiz izan ez duten nerabe askok adin honetara heltzean, arazo hauek izaten hasten dira. Egoera hau konpontzeko berehala esku hartu behar da. Familia ikastetxearekin jarri behar da harremanetan eta estrategia bateratua garatu behar dute, nerabeek eskola utzi ez dezaten edo beraien eskola-errendimendua jaitsi ez dadin.
- Arazoak familian. Nerabezaroan arazorik ohikoenak gurasoekin dituzten harremanekin lotuta egoten dira. Arazo hauek ekiditzeko, edo murrizteko behintzat, gurasoek nerabezaroa pazientzia handiarekin, maitasun askorekin eta umore-sen handiarekin hartu behar dute. Norberaren nerabezaroa gogoratzea ere ez da irtenbide txarra izaten, beraiengana hurbiltzen eta beraien erantzunak hobeto ulertzen laguntzen baitugu horrek; eta batez ere, ez dugu inoiz ahaztu behar nerabezaroa fase bat baino ez dela eta egunen batean bukatuko dela.
- Elikadura arazoak. Nerabezaroan anorexia eta bulimia bezalako arazoak agertu daitezke. Ez dago ehuneko ehuneak eraginkorra den modurik arazo hauek ekiditzeko, baina seme-alabek janariarekin harreman osasuntsua izateak, eta lehenengo sintomak agertzen direnean, gaixotasun hauek detektatze aldera, hauen berezitasunak ondo ezagutzeak, arazo hauen ondorioak minimizatzen lagundu dezake.
- Bullying. Eskola-jazarpena nerabeek jasan dezakeen beste arazo larri bat da. Arazo honi aurre egiteko biderik onena informazioa da. Bai gu eta bai gure seme-alabak ondo informatuta egon behar gara. Nerabezaroan ematen diren gainontzeko arazoak bezala, jazarpena lehenbailehen detektatzeak arazoa konpontzea errazten du.
- Internet bidezko jazarpena. Internet tresna oso boteretsua da eta etekin ikaragarria atera dakioke, baina segurtasun neurriak ezagutu behar dira. Txikitatik interneten zer egin daitekeen eta zer ez erakutsi behar diegu, jazarpen mota hau edo tresna hauekin lotuta dauden beste arrisku batzuk jasatzeko arriskua murrizteko.
- Drogen kontsumoa. Familian ematen den heziketa eta nerabeen ardura eta erantzukizuna sustatzea, drogen gehiegizko erabileraren aurkako tresnarik eraginkorrenak dira.
Seme-alabengan bizimodu osasuntsuak bultzatzea eta drogen kontsumoarekin lotuta dauden eraginei buruzko informazio objektiboa eta erreala eskaintzea, arriskuak prebenitzeko eta murrizteko baliabide lagungarrienak izango dira. - Nahi gabeko haurdunaldiak. Nerabezaroan haurdun geratzeak gure alaben etorkizuna kaltetu dezake. Hauek ekiditzeko, neska-mutilei sexuari buruzko informazio egokia eman behar diegu eta antisorgailuak ere eskura izan behar dituzte.
- Depresioa. Depresioa larri-samarra da nerabezaroan. Gure seme-alabek depresioa duten susmorik txikienaren aurrean, profesional baten laguntza eskatu behar dugu.
- Sexu-jazarpena. Batez ere neskek pairatzen dute mota honetako jazarpena, baina hala ere, berebizikoa da neskekin ez ezik, mutilekin ere gai honi buruz hitz egitea, jazarpena zer den uler dezaten, inoiz ez dutela jazarpenik onartu edo burutu behar uler dezaten eta delitu bat dela jakin dezaten. Gertatuz gero, salatu egin behar dutela jakitea garrantzitsua da.
- Zirkulazio-istripuak. Seme-alaben erantzukizuna sustatzea oso garrantzitsua da, ibilgailuren bat gidatzen hasten diren lehenengo unetik, eta gu gidatzen ikusten gaituztenean ere, eredu egokia eskaini behar diegu, noski.