Pasa den urriaren 16an, droga-menpekotasunetako aurrerakuntzei buruzko XXI. sinposioa ospatu zen Deustuko Unibertsitatean, nerabe eta gazteen alkohol kontsumoa izanik aurton aukeratutako gaia.
Sinposioa Lars Möller doktorearen inugurazio hitzaldiarekin hasi zen, nork 2012-2020 urteetarako alkohola eta gazteei buruzko europar estrategia eta lan-ildoei buruz hitz egin zuen.
Sarrera honen ondoren, neurologia, nerabeen burua eta alkoholaren arteko loturari buruzko mahaian, Gabriel Rubio neuropsikiatrak haurtzaroan jasatako tratu txarrek nerabeen droga kontsumoetan duten eraginari buruz hitz egin zuen eta Valentziako Principe Felipeko Ikerketa Zentroko Zelula Patologia ataleko laborategiko burua den Consuelo Guerrik, nerabezaroan alkohola edateak portaeran eta neuropatologien mailan dituen ondorioak zeintzuk diren azaldu zituen.
Garunak bere heldutasun osoa gutxienez 21 urtera arte lortzen ez duenez, momentu horretara arte etengabe garapenean dagoela gogoratu ostean, eta beti ere 18 urtetik gorako gazteetaz hitz eginez, gaitasun intelektual maximoa eduki nahi izanez gero, ez mozkortzea hobe dela esan zuen Guerrik, batez ere asteburu guztietan eta baraurik, urdaila hutsik badago alkohola gehiago xurgatzen baita.
“Ordu bitan burmuinari jipoi itzela ematen zaio, eta burmuin hori oraindik bere senera etortzeko ahaleginetan dabilela, asteburua heltzen zaigu berriro eta beste jipoi ikaragarri bat jasatzen du” esan zuen kontsumo abusiboari buruz eta horrez gain, askoz arriskutsuagoa dela alkohol kopuru bera ordu gutxitan edatea egun ezberdinetan banatuta baino ere gaineratu zuen.
Nerabezaroa oso garai kritikoa da alkohol eta beste droga batzuen kontsumorako, Guerrik azpimarratu zuen bezala, burmuina oraindik garatzen ari delako eta zenbat eta arinago hasi kontsumitzen, nagusitan alkoholarekin edo beste drogekin arazoak izateko arriskua areagotu egiten delako.
Hala ere, beldurtzea ere ez dela kontua argitu zuen, baten mozkortzeagatik ez baita ezer gertatzen; arazoa mozkortzeko ohitura hori asteburu oro errepikatzea da.
Gai honekin lotuta, zer egingo duten erabakitzeko aske izate aldera, nerabeek arriskuei buruzko informazio osoa eta argia eduki behar dutela defendatu zuen.
Gizakiak beti edan izan du eta helduek ere alkohola kontsumitzen dute, baina orain kontsumitzeko modua aldatu egin da, ohikoena asteburuetan neurri gabe eta baraurik edatea izanik, adituak gogorarazi zuen moduan, eta gomendagarria litzatekeela zorabiatuta sentitzen hastean edateari uztea komentatu zuen, horrek odolean daukagun alkohol-kopurua oso altua dela esan nahi duelako.
Gabriel Rubiok haurtzaroan jasatako tratu txarrak nerabezaroan drogak kontsumitzearekin lotzen dituen ikerketa bateri buruz hiz egin zuen, bainaikerketa horretan, abusu sexual eta fisikoak ez ezik, emozio-arduragabekeria ere tratu txartzat hartu izan dela argitu zuen.
Hurrengo mahaian, Gonzalo Musituk, Familiaren Gizarte Psikologian Katedradunak, babes faktoreei buruz hitz egin zuen, eta alkohola eta nerabeak binomioan arriskuak murrizteko erresilientzia eta ahalduntzea oinarrizko baliabideak direla esan zuen.
Soziologian Katedraduna eta gizarte ikertzailea den Javier Elzok, gazteen eta nerabeen artean ematen den alkohol-kontsumoa ulertu beharraz hitz egin zuen eta astean zehar eguneroko eta asteburuetako jardueren artean ematen den hausturaz aritu zen. Elzoren arabera, lanegunen eta asteburuen artean ematen den haustura gero eta handiagoa da, batez ere, ordutegiei eta kontsumoei dagokienez, eta arrazoi horrengatik, puntu honetan gehiago sakondu beharko genukeela azpimarratu zuen.
Bukatzeko, Pediatriako Larrialdietako Zerbitzutik, Beatriz Azkunaga doktoreak, adin gabekoen intoxikazio etilikoetan osasun-arreta urgentea nolakoa den azaltzeari ekin zion, batez ere,asteburuetan, iluntze edo gau aldera jasotzen diren 2.300 bisitatik bat mota honetako kasuak izaten baitira.
Bazkaltzeko atsedenaldiaren ostean, sinposioak arratsaldean jarraitu zuen eta botere publikoek gazteen eta nerabeen alkohol kontsumoaren gainean egiten duten kontrola (araudiak, legeak, politikak, eskubideak,…), alkoholarekin eta nerabeekin egiten diren esku hartze ezberdinak eta gaur egun prebentzioaren jardunbidean gauzatzen diren programa eraginkorrak izan ziren eztabaidagai arratsaldeko mahietan.